Ekonomia -

Programa sozioekonomikoa

LABek lana bermatzearen eta 30 orduko lanaldiaren alde egin du

Horretarako, lantokietako "borrokaren beharra" aldarrikatu eta mobilizazio orokorretarako deia egin du (irailaren 29an Bilbon, eta urriaren 5ean, Iruñean).

Langilea. Argazkia: EiTB
Langilea. Argazkia: EiTB
Langilea. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak aldarrikatu du Administrazioak herritar ororen enplegua bermatu behar duela, eta egiten ez badu, hilero kalte-ordaina eman beharko lukeela. Horren harira, 30 orduko lanaldia defendatu du.

Igor Arroyo LABen idazkari nagusiaren ondokoak sindikatuaren programa ekonomiko berritua aurkeztu du, lantokietan "borroka egiteko beharra" eta mobilizazio orokorrak jasotzen dituena. Hori horrela, LABek bi manifestazio deitu ditu: irailaren 29an, Bilbon; eta urriaren 5ean, Iruñan.

LABen diagnosiaren arabera, larrialdi klimatikoaren ondorioz "milioika langileren lan-baldintzak okertzen ari dira eta migratzera behartzen dituzte, prekarietateari eta lan esplotazioari mesede eginez".

Sindikatuak berretsi du Europako funtsek sustatzen duten "kapitalismo berdea" deitoratzen duela eta, ekoizpen eta kontsumo ereduen aldaketarekin batera, "trantsizio ekologiko justua" behar dela zerbitzuak eta ondasunak banatzeko.

"Hau da ideia: guztiok gutxiago lan egitea, lehengaien esplotazioa eta zaborraren ekoizpena txikiagoa izateko, behar dena ekoiztu, eta ekoiztutakoa banatu", azpimarratu du idazkari nagusiaren ondokoak.

Hala, LABek trantsizio ekosozialista eta feminista defendatu du, herritarrak eta lur planeta erdigunean jarriko dituen eredura bidean.

"Trantsizio hori burura eramateko, Euskal Herriko herritarrok ekonomiaren gaineko kontrol sozial eta publikoa izan behar dugu. Euskal Herrian estatuaren egiturak behar ditugu ekoizpen eredua aldatzeko eta ekoizpena banatzeko, tartean Euskal Langile Kodea eta Gizarte Segurantza; langileek aukeratutako Langilearen Kontseilua politika publikoetan esku hartzeko; egitasmo nazionala lan mundua euskalduntzeko; eta erakunde publiko nazionala garapen sozioekonomikorako", adierazi du LABen ordezkariak.

LABen proposamena "Banaketa hirukoitza" deiturikoa da, enplegua, zaintza zereginak eta aberastasuna banatzeko: "Administrazioak bermatu egin behar du enplegua herritar guztientzat eta egiten ez badu, kotizatuko lukeen gutxieneko soldataren parekoa eman kalte-ordain gisa hilero".

Gainera, enplegua langile guztientzat bermatzeko, eta zaintza zereginek behar duten lekua izan dezaten, enplegura bideratutako denbora murriztea (30 ordura) eta zaintzari buruzko eztabaida soziala proposatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak