Ekonomia -
Metro Bilbao gatazka
Langileen eta matxuren arteko lotura ukatu du metroko greba batzordeak
Zuzendaritzaren estrategia erabiltzaileak langileen aurka jartzea "ulertezina" dela esan dute.
Erredakzioa
Metro Bilbaoko greba batzordeak ukatu egin du "langileen eta azkenaldian dauden matxuren artean erlazioa egotea". Gainera, zuzendaritzaren estregia "erabiltzaileak langileen aurka jartzea" ulertezina dela esan dute.
Astelehen honetan argitaratutako txosten baten harira egin dituzte adierazpen hauek; izan ere, greba dagoenean metroan matxura gehiago egiten direla eta mantentze-lanetarako sailean absentismoa % 14ra iritsi dela dio txostenak.
"Langileen eta matxuren artean ez dagoela loturarik argitzea eskatzen diogu Txema Oleagari", esan du batzordeak.
Hala ere, azken urtean 19 greba egon direnez, "matxuraren batek grebarekin bat egiteko probabilitatea handitu egiten da", zehaztu dute.
"Gatazka egoera honek irautea kaltegarria da denentzat", esan dute mantentze-lanen saileko absentismoaren inguruan.
"Gaixotasunen bat edo arazoren bat duten lagunei areagotu egiten zaie horrelako egoerekin", adierazi dute. "Jendaurrean lan egiten duten lagunek, gainera, presio handia jasaten dute, eta horren ondorioz sortutako tentsioak bajak eragiten ditu".
Greba batzordearen iritziz, ez dago "lotura zuzena", baina "gatazkaren egoerak absentismoa handitzean eragina izatea normala" dela uste du.
Bestalde, ostegun honetarako berriz lanuzteak deitu dituztela ekarri dute gogora; oraingoan, zortzi ordukoak izango dira, 05.30etik 09.30era eta 18.00etatik 22.00etara. Egun bat lehenago zehaztuko dituzte zerbitzu minimoak.