Ekonomia -
Krisia, eurogunean
Euroguneak Greziako bigarren erreskatea onartu du
Greziak bere subiranotasunaren zati bat utzi beharko dio Europar Batasunari eta troikak etengabe ikuskatzea onartu beharko du.
Erredakzioa
Euroguneak Grezia une batetik bestera ordainketa-etendura aitortu behar izatetik salbatu du berriro, azkenean 2014ra bitartean 130.000 milioi euroko erreskatea onartuta, baina horren truke, Atenasek bere subiranotasunaren zati bat utzi beharko dio Europar Batasunari eta troikak bertatik bertara etengabe ikuskatzea onartu beharko du.
Bigarren erreskateak "denbora nahikoa emango dio Greziari zerga-sistema sendotu eta egiturak erreformatzeko bide sinesgarri bat abiatzeko, eta hazkunde jasangarria eta enplegua berreskuratzea ahalbidetuko dio; halaber, Greziako finantzen egonkortasuna babestuko du Grezian, eta eurogunean, oro har", esan du Jean-Claude Juncker presidente luxemburgarrak bilera amaitu ostean.
Bankuek EBren presioen aurrean amore eman eta euren balantzeetan bono greziarren eraginez galera gehiago izatea onartu ondoren adostu ahal izan dute konpromisoa; bono horien balio nominalaren % 53,5 arteko galerak izatea onartu dute, hasiera batean galera hori % 50ekoa izatea adostu zuten arren. Hori horrela, sektore pribatuak 106.000 milioi euro barkatuko dizkio Greziari.
Analisten kalkuluen arabera, benetako kita % 70etik % 75era pasatuko da. Hartzekodun pribatuek amore eman dute Greziari erabateko porrota egiten utziko diotela mehatxatu ostean Alemaniak eta Herbehereek.
Sektore pribatuak bigarren erreskateari emandako laguntza handitzeari esker, Atenasek finantza-zuloa bete ahal izango du Greziako zorra egun % 160 izatetik 2020an % 120,5 izatera jaisteko, Europako estatuburuek eskatu zuten bezala.
Euroguneak, gainera, 1,5 puntuko mugaraino jaitsiko du Greziari 110.000 euroko lehen erreskateagatik kobratzen dion interes-tasa; gaur egun, 2 puntuko interesa kobratzen dio.
Europako Banku Zentralak ere lagunduko du erreskatean, bere balantzean Greziako zorrean inbertitu zituen 50.000 milioi euroen mozkinei uko eginez; izan ere, diru hori estatu kideen artean banatuko du, Grezian inbertitu dezaten.
Uko egingo dio bere subiranotasunaren zati bati
Laguntza-plan berriaren onurak lortu ahal izateko, Greziak zerga arloan subiranotasuna EBri uztea onartu behar izan du. Horrela, erreskateko dirua blokeatutako kontu batean sartuko da, batez ere zorra ordaintzeko erabiliko dela ziurtatzeko
Halaber, EBko eta Nazioarteko Diru Funtsaren ordezkariak etengabe egongo dira Atenasen, erreformak egiten direla gainbegiratzeko.