Ekonomia -

2011ko soldatak

Kutxetako presidenteek milioi bat euro jaso dituzte, denen artean

Mario Fernandezek (BBK) 514.900 irabazi ditu, Xabier Iturbek (Kutxa) 383.000, eta Carlos Zapaterok (Vital), berriz, 183.000 euro.

Kutxetako presidenteek milioi bat euro jaso dituzte, denen artean. Argazkia: EFE
Kutxetako presidenteek milioi bat euro jaso dituzte, denen artean
Kutxetako presidenteek milioi bat euro jaso dituzte, denen artean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru euskal kutxetako presidenteek milioi bat euro jaso zituzten 2011n, denen artean.

BBKk, Kutxak eta Vitalek beren zuzendaritza kideen soldatak iragarri dituzte ostiral honetan. Hiru presidenteen artean Mario Fernandez BBK eta Kutxabankeko presidenteak jaso du soldatarik handiena: 514.900 euro. Xabier Iturbek (Kutxa) 383.000 euro irabazi ditu, eta Vitaleko Carlos Zapaterok, berriz, 183.000 euro.

Mario Fernandezek 2010ean baino % 15 gutxiago jaso zuen joan den urtean, BBKk emandako datuen arabera. Jaitsiera hori ''borondatezkoa'' izan zela azaldu dute, eta ''sektoreko soldatarik baxuenetako bat'' da Mario Fernandezena, erakundearen esanetan.

Presidentea barne, 24 kideek osatzen dute BBKko Administrazio Kontseilua, eta 638.000 euro jaso zituzten hauek (2010ean baino % 4,20 gutxiago).

Xabier Iturbe Kutxako presidenteak 317.000 euro irabazi zituen, eta horiei epe labur eta luzeko helburuak lortzeagatik lortutako 66.000 euro gehitu behar zaizkio, erakundeak berak azaldu duenez.

Administrazio Kontseilu bakoitzagatik 423 euro jaso zituzten Kutxako aholkulariek, eta 361 euro erakundearen batzorde ezberdinetan parte hartzeagatik.

Urtean 15 aldiz biltzen da Administrazio Kontseilua, eta 50 bat batzorde egiten dituzte. Beraz, batez beste urtean 24.000 euro jasotzen dituzte Administrazio Kontseiluan eta batzordeetan parte hartzen dutenek, eta 6.000 euro batzordeetan parte hartzen dutenek.

Carlos Zapatero Vitaleko presidenteak 183.194 euro jaso zituen 2011n, eta Iñaki Gerenabarrenak, berriz, 121.403 euro, dietetan.

Zapatero da Vital kutxan soldata finkoa duen bakarra. Administrazio Kontseiluko kideek artean, Ana Aguirre Industria Kontseilari ohiak 22.568 euro jaso zituen dietetan, Patxi Lazcoz Gasteizko alkate ohiak 17.447 euro, eta Javier Balza Herrizaingo sailburu ohiak, 6.634.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea