Ekonomia -
Gastuak murrizteko
Jaurlaritza eta Aldundia BEC bideratzeko plana prestatzen ari dira
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri duenez planak BECeko gastuak murriztea eta ekitaldi berriak bilatzea du helburu.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia Bilbao Exhibition Centreren (BEC) lehiakortasuna bultzatu eta arazo ekonomikoak bideratzeko plan bat prestatzen ari dira.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Gernikako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian iragarri du plana, hain zuzen, Alderdi Popularreko ordezkariek Barakaldoko BECen inguruan zein asmo dituen galdetu eta gero.
Bilbaok esan duenez, esku artean darabilten planak ekimen berriak bilatzea, BECen kostuak murriztea eta Bizkaia Arena pabiloia "elementu bereizgarri" gisa ustiatzea du helburu.
Ahaldun nagusiak onartu du BECek egoera "zaila" bizi duela, baina sortu duen jarduera ekonomikoa azpimarratu du.
PPren kritika gogorrak
Esther Martinezek "eskandalutzat" jo du BECen egindako kudeaketa eta bertako jarduera "txiroa" dela esan du.
Martinezen arabera, "arduragabekeria lotsagarria litzateke geure erakustazokarekin egin den kudeaketa eskandalagarria ezkutatzen jarraitzea".
Popularren ordezkariak BEC "hondorik gabeko zaku bat" dela esan du eta herritarrek egunero "108.613 euro botatzen" dituztela zaku horretara. Halaber, BECeko arduradunen gaitasun eza agerian geratu dela azpimarratu du, “700 milioi euro kostatu den enpresa aurrera ateratzeko gai izan ez direlako”.
Krisi ekonomikoaren kalteak
Bilbaok BEC krisi ekonomikoa pairatzen ari dela azpimarratu du. Hala, Espainiako azokek 2008an % 35 bisitari gutxiago izan zituztela azaldu du eta metro karratuko % 26,5 gutxiago fakturatu zutela.
Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu duenez, BECen kasuan "Espainiaren markak" ere "kalte" egiten dio, "Espainiako azokek merkatuaren ahuleziak eraginda erakargarritasuna galdu dutelako", erantsi du.