Ekonomia -

Haserrea Europan

Merkatuen zigorra jasango duela ohartarazi dio Bruselak Espainiari

Espainiaren defizita % 5,8koa (Europak exijitutako % 4,4 baino 1,4 puntu handiagoa) izango dela iragarri du Rajoyk ostiral honetan.

Mariano Rajoy, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin. EFE
Mariano Rajoy, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin. EFE
Aurtengo defizita % 5,8koa izango dela iragarri du Rajoyk

01:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Defizita betetzen ez badu merkatuen zigorra jasango duela ohartarazi dio Bruselak Espainiari ostiral honetan.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aurtengo defizit publikoa % 5,8koa izango dela esan du; hots, Europar Batasunak exijitutakoa baino 1,4 puntu handiagoa. Rajoyk egindako iragarpenak haserrea piztu du Europan, eta defizita betetzea ''konfiantza sustatzeko berebizikoa'' dela erantzun dio Batzordeak.

Bestalde, Rajoyk defizita murrizteko konpromisoak beteko dituela bermatu diela esan dute Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk.Europako Kontseiluak Bruselan egindako goi-bileran parte hartu eta gero eskainitako prentsaurreko batean, gobernuburuak adierazi du zenbakiak ez duela urratzen EBko Egonkortasun eta Hazkunde Ituna, asmoa "2013an defizita % 3ra jaistea" baita, itunak ezarri bezala.

Rajoyk azaldu duenez, goi-bileran ez dute hizpide hartu Bruselak inposatutako % 4,4ko defizit helburua leuntzeaz.

Europak helburu horri eutsiko balio, Espainiako Gobernuak 40.000 milioi euroko murrizketak egin beharko lituzke.

Langabezia

Bestalde, Rajoyk esan du Gobernua ez dagoela "pozik" langabeziaren "datu txarrak" ikusita, eta 2012 urte "txarra" izango dela gaineratu du.

Gobernuburuak adierazi du herritarrei "egia" esan behar zaiela, eta beraz, aitortu egin behar duela ekonomiaren garapena ez dela ona izango aurten.

Hori bai, Exekutiboa neurriak hartzen ari dela gogorarazi du, eta lan erreforma aipatu du.

Bere esanetan, erreformek ez dute emaitzarik izango epe laburrean, baina bai etorkizunean, hazkundearen "oinarriak" sortuko dituztelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea