Ekonomia -
Elkarrizketa
Ortuzar: 'Lopezen Gobernuak dakitenei lekua utzi behar die'
Ortuzarren ustez, Jaurlaritzak egindako kudeaketa "tamalgarria" izan da: "Ez dute kudeaketa on bat egin, eta, horrez gain, txarto egiten ari direla ezkutatu nahi dute", adierazi du.
Erredakzioa
"Dakitenei" lekua uzteko exijitu dio Andoni Ortuzar BBBko presidenteak Patxi Lopezen Gobernuari, Euskadi ezin delako "etengabeko atzeraldian" mantendu. Ortuzarren hitzetan, Jaurlaritzak ez luke "neurririk gabe dirua xahutu" eta zerbitzu publikoak "hondoratu" behar.
Radio Popularri eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, alor ekonomikoan, Jaurlaritzak "oso txarto" egin ditu gauzak azken hiru urteetan, eta, horren aurrean, jeltzaleak "adeitasunez" jokatu dute, "sozialistek merezi dutena baino gehiago".
Ortuzarren ustez, Jaurlaritzak egindako kudeaketa "tamalgarria" izan da: "Ez dute kudeaketa on bat egin, eta, horrez gain, txarto egiten ari direla ezkutatu nahi dute", adierazi du.
EAJko ordezkariaren hitzetan, PSEren ustez errua "beti besteena da": "Defizita igo dela, gastu gehiago egin beharra, zorrak gora egin duela, inbertsiorik ez dagoela... guzti horren errua Foru Aldundiena dela dio PSEk, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiarena".
Jaurlaritzara heldu zirenetik hiru urte pasa direnean, "aurreko Gobernuaren kudeaketari ezin diote erantzukizunik leporatu: haien erantzukizunari aurre egin behar diote, eta hiritarren aurrean azalpenak eman behar dituzte".