Ekonomia -
Izendapena
Endesak Elena Salgado proposatu du Txileko filialeko kontseilari gisa
Oraindik, dagozkion baimenak emateko zain daude, goi kargudun ohiek hainbat baldintza bete behar baitituzte postu horiek hartu ahal izateko.
Enersisek, Endesak Latinoamerikan duen jarduera bere gain hartzen duen taldeak, Elena Salgado presidenteorde ohia proposatu du Chilectra Txileko filialeko aholkulari posturako, Endesatik Efe albiste agentziari esan diotenez.
Lehenik eta behin, dena dela, Salgadok dagozkion baimenak lortu beharko ditu. Izan ere, Gobernuko goi-kargudun ohiek hainbat betebehar dituzte, jarduera hori utzi eta hurrengo bi urteetan enpresa pribatuetan lan egin ahal izateko.
Salgado, Gai Ekonomikotarako presidenteordea izan zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuan, iazko abendura arte. Enpresa pribatu batean lan egiteko beharrezkoak diren baimenak lortzeko, Interes Gatazken Bulegoari eman beharko dio bere asmoen berri.
Legeaz, debekatuta dago Gobernuko goi-kargudun batek enpresa pribatu batean lan egitea, kargua utzi eta bi urte igaro baino lehen, baldin eta kargu horretan zegoen artean enpresa horren gaineko erabakiren bat hartu bada. Kasu honetan, hala ere, Salgadoren aholkularitza lana Txileko Endesarekin egongo da lotuta, ez Espainiakoarekin.
Gaur egun, Jose Maria Aznar Espainiar Estatuko presidente ohia Endesan ari da, kanpo-aholkulari lanetan, eta Pedro Solbes, Ekonomia ministro ohia, Enel italiarraren, Endesaren % 92 duen enpresaren, kontseilaria da.