Ekonomia -
Montorok erkidego guztien arteko akordioa egongo dela uste du
Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroaren hitzetan, akordioa egongo da "defizitaren arazoa administrazio guztiei dagokielako".
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroa ziur dago erkidegoen artean akordioa lortuko dela. Erkidegoak bilduak daude gaur Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan, defizitaren muga ezartzeko; izan ere, " administrazio guztiei dagokien arazoa baita".
"Ziur nago akordioa egongo dela arazoa administrazio guztiei dagokielako", azpimarratu die ministroak hedabideei Kontseilua hasi baino lehen.
Bilera horretan, halaber, administrazio publikoak beren hornitzaileei ordaindu ahal izateko plana zehaztuko dute; horretarako, Gobernuak 35.000 milioi euro bideratu ditu administrazioek enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zor zaiena ordaintzeko.
Ogasun ministroaren hitzetan, "Gobernuaren interesa eta helburua oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea da", besteak beste hezkuntza, osasuna eta babes soziala, zein Estatuko administrazio guztietan zerbitzu horien guztien "finantzaketa zuzena" lortzea.
Bestalde, Carlos Aguirre EAEko Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, beste elementu batzuk ezartzen ez badira, erkidego gehienentzat "zaila izango da defizita betetzea".
Bilera hasi aurretik hedabideei egindako adierazpenetan Aguirrek esan du "badirudiela" Gobernuak defizitaren muga malgutzeko "aukera gutxi daudela"; hala ere, egoera ekonomia kontuan hartuta, "ez da erraza" helburu hori betetzea.
Bestalde, administrazio publikoen artean egindako defizitaren banaketa ukatu du; izan ere, Gobernuak defizita % 5,8raino igotzea erabaki du, Europako aginduen aurka. Ildo horretan, "gastu soziala erkidegoetan sortzen da eta beraz banaketa proportzionalagoa izan beharko luke", esan du.
Rajoy, Senatuan
Cristobal Montoro Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan bilduta dagoen bitartean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "helburua argia" dela eta "norabidea ezarrita" dagoela esan die erkidegoei. Hori horrela, argi utzi die 2012ko defizitaren muga (% 1,5ekoa erkidegoetako administrazioentzat) ez dela aldatuko.
Rajoyk Senatuan egin duen lehen agerraldia (presidente izendatu zutenetik) defizitaren muga aldatuko ez duela azpimarratzeko erabili du.
"Niretzat defizita Estatua da, Europako bileretan ibiltzen naizenean Estatuko defizitari buruz aritzen naiz, eta gainerako administrazioetan gertatzen dena arduratzen dit", esan du.