Itxi

2021/11/23

13:17

Ekonomia

Nafarroako Parlamentua

Elizak immatrikulatutako 2.952 ondasunen nota sinpleak bildu ditu Nafarroako Gobernuak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ondasun komun horiek berreskuratu nahi dituzten udalerriei lagundu egingo diela iragarri du Foru Gobernuak.

  • Esteribar harana da bere herrian matrikulatutako ondasun gehien dituena

    Esteribar harana da bere herrian matrikulatutako ondasun gehien dituena. Iñaki Jauregi Bidaburu.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eduardo Santos Foru Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak 1900. urtetik aurrera Foru Erkidegoan Elizak immatrikulatutako 2.952 ondasunen nota sinpleak bildu ditu eta Nafarroako Parlamentuari aurkeztu dizkio astearte honetan, Nafarroako Gobernuari informazio hori biltzeko eskatzen zion parlamentu-agindua betez.

Foru Erkidegoko jabetza-erregistroen bidez, eta 1900etik 2021era arte Elizak egindako immatrikulazioak eta immatrikulatutako ondasunen salerosketa-eragiketak jaso ditu Foru Gobernuak. 

Santosek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak "lan egingo du" immatrikulatu diren ondasun komunak berreskuratu nahi dituzten udalerriei laguntzeko.

Kontseilariak bi hamarkadatako immatrikulazio-jarduera nabarmendu du: 80ko hamarkadan eta 2000 eta 2010 bitartean izandakoa. Hala ere, zehaztu duenez, hamarkada bakoitzean ez da berdina jarduera. 1990 eta 2010 artean, esaterako, "olatu bat" izan zen 2003, 2004, 2005 eta 2006. urteetan. Guztira, lau urte horietan 865 ondasun immatrikulatu zituzten, "1998an onartutako Hipoteka Legearen erreformari egozteko modukoak".

Immatrikulatutako ondasunen tipologiari dagokionez, esan du parrokiako tenplu, baseliza, antzinako baseliza, eliza, abadia eta basilika gisa tipifikatutako ondasunak 981 direla, guztizkoaren % 33. Parrokiako tenpluak dira gehien: 676. Horren esanetan, baina, beste ondasun batzuk ere badaude, nekazaritza-lurrak edo nekazaritza-ustiategiak, besteak beste. Horien artean, 234 baratze, 216 zereal-alor, 195 zelai, lehorreko 181 sail eta ureztatzeko 16 daude.

Bildutako nota sinpleetan, 187 etxebizitza eta 101 hiri-finka ageri dira, baina horiei beste tipologia batzuk gehitu dakizkieke; lokalak (36), merkataritza-lokalak (20), garajeak (9) eta patioak (8), esaterako. 7 eraikin, parrokiako 3 frontoi, 10 trasteleku, 7 soto eta 3 parke ere ikus daitezke horien artean.

Lursail motaren arabera bilduta, 1.806 hiri-lur, 1.073 landa-lur, 2 landa-lur eta hiri-lurzoru eta sailkatu gabeko 71 jabetza horien artean. "Horrekin guztiarekin, hiri-finketako 653.453 metro karratuko hedaduraz ari gara, eta landa-finketako 3.429.227 metro karratuko hedaduraz", nabarmendu du Santosek. Gainera, hiri-finketako ondasun higiezin "ia guztietan" azalera beheko solairuari dagokio soilik.

Horrela, sailkatu gabeko metro koadroak barne, 4.107.000 metro koadro baino gehiago immatrikulatu ditu Elizak Nafarroan; "Sadar futbol zelaiaren tamainako 575 futbol-zelai bezalako zabalera", adierazi du.

Erregistroen berri duten 2.952 jabetzak 267 udalerritan daude banatuta. Kopuru absolutuei erreparatuz gero, Esteribarren immatrikulatu ditu Elizak ondasun gehien (109), baina Iruñea (87), Baztan (75), Longida (64), Galoze (60), Eguesibar (56) eta Gesalatz (54) ere ageri dira zerrendan.

Kontseilariak, hala ere, merindadeen arabera multzokatu ditu datuak, banaketa "uniformea" ez dela adierazteko. Immatrikulatutako ondasun gehienak Zangozako merindadean (1.036) eta Iruñekoan (904) daude, Lizarrakoarekin batera Elizak immatrikulatutako ondasunen % 86 biltzen baitituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;