Ekonomia -

EAE-KO AURREKONTUAK

EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko, "elkarrizketarako borondate zintzoaren seinale”

Maddalen Iriartek Jaurlaritzak erakutsitako "prestutasuna" balioetsi du, akordiorako "aukera ireki" duelako. Ez dira, koalizioaren iritziz, "herri honek behar dituen aurrekontuak" baina, "ahalegin zintzoa" egingo du haiek "hobetzeko". Iñigo Urkulluk eskertu egin du EH Bilduren erabakia.

Maddalen Iriarte, gaur. Eitb-ren bideo batetik hartutako irudia.
Maddalen Iriarte, gaur.
''EH Bilduk ez die osoko zuzenketarik aurkeztuko 2022ko aurrekontuei, gure borondate zintzoaren seinale''

2:11

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak iragarri duenez, bere taldeak ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, datorren urteko aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko "elkarrizketarako borondate zintzoaren seinale"

Legebiltzarreko kontrol saioan egin du gaur iragarpena Iriartek eta Iñigo Urkullu lehendakariari Jaurlaritzak orain arte erakutsi duen gobernantza ereduaren "erabilgarritasunaz" galdetu dio.

EH bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak egindako aurrekontu proiektua "ez da herri honek behar duena" pandemia garaian, "batzuek post-pandemia azkarregi bihurtu nahi duten garai honetan eta ezinean gabiltzan honetan", izan ere, Iriarteren ustez, "pertsonak eta haien beharrak politika publikoen erdigunean kokatu beharko lirateke".

Hala ere, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak erakutsitako "prestutasunak" akordiorako "aukera bat ireki" duela esan du.

Horrela, Iriartek iragarri du bere taldeak "ahalegin zintzoa" egiten jarraituko duela aurrekontuetan eragina izateko, haiek "hobetzeko" aukera ikusten duelako.

Gaur hartuko diren erabakiek "datorren hamarkada oso bat baldintzatuko dute", horren esanetan, "baita hartzen ez ditugunek ere".

Hori dela eta, "elkarrizketarako borondate zintzoaren seinale", EH Bilduk aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik ez diola aurkeztuko jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzarekin balizko akordio bat negoziatzen jarraitu ahal izateko.

Urkulluk erabakia eskertu du

Iñigo Urkulluk eskertu egin dio EH Bilduri 2022rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari osoko zuzenketarik ez aurkezteko hartutako erabakia, eta "aurrekontuen negoziazioaren eta elkarrizketaren garrantzia nabarmentzeko aukera paregabea" dela uste du.

"Aurrekontuen negoziazioa irekita mantentzeak beste akordio batzuk lortzeko aukerak zabaltzen ditu. Aurrekontuekin batera, dena izango da beharrezkoa eta baliagarria aurrean ditugun erronkak aukera bihurtzeko", ohartarazi du.

Halaber, orain zuzenketa partzialak negoziatzeko prozesua hasiko dela gogorarazi du, eta "aurkeztutako proiektua hobetu eta herritarren aldeko oinarri komun bat zabalduko dute", horren ustez.

"Badakigu gobernuak gehiengo nahikoa duela Legebiltzarrean, baina beti adierazi izan dut prestutasuna akordio zabalak lortzeko jarduera ekonomikoa suspertzeko, enplegu-aukerak sortzeko eta kohesio soziala bermatzeko garrantzi estrategikoa duten kontuetan", adierazi du.

Ildo horretan, gogora ekarri du joan den ostegunean Legebiltzarrean "akordio garrantzitsuak" lortu zirela, "emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta berdintasuna sustatzen jarraitzeko, pisuen erabilera turistikoa arautzeko eta kontrolatzeko, edo Natura Ondarearen Legea onartzeko".

"Adibideak dira, eta aukera ugari izango ditugu akordio berriak lantzeko arlo ekonomikoan, sozialean eta politikoan. Adibidez, hezkuntzan, autogobernuan, osasunean, klima-aldaketan, gizarte-politiketan eta gaztedian. Legebiltzarrean lantaldeak ditugu gai hauetan aurrera egiteko", gogorarazi du.

Urkulluk azpimarratu duenez, egungo egoeran, datorren urteko aurrekontuak garrantzitsuak dira estrategia berri bati "bultzada emateko", aurrekontu horiek "eraldatzaileak" baitira. Horregatik, EH Bilduri esan dio eskertzen duela taldearen "jarrera eta ulermena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte EAEko Aurrekontuak