Ekonomia -
Prezioen bilakaera
Prezioak mantendu egin dira EAEn, otsailean
Nafarroan, aldiz, % 0,2 igo dira eta urtetik urterako inflazioa % 2,4ean kokatu da.
Erredakzioa
Kontsumorako Prezioen Indizeak ez du apenas aldaketarik jasan otsailean Euskal Autonomia Erkidegoan, urtetik urterako tasa, hortaz, % 1,9an mantendu da, Estatuko batez bestekoa baino hamarren bat beherago.
Horrez gain, prezioak % 1,2 jaitsi dira aurten, urteko lehen bi hilabeteetan, Estatuko Estatistika Institutuaren arabera.
Urtarrilarekin alderatuz gero, garraioen sektoreak jasan du garestitzerik handiena % 0,8. Jaitsiera nabarmenenak, aldiz, jantzien eta oinetakoen arloan izan dira, % 2,5. Irakaskuntzak, komunikazioek eta elikagaiek eta alkoholik gabeko edariek, berriz, ez dute aldaketarik izan.
Nafarroan, aldiz, prezioak % 0,2 garestitu dira otsailean aurreko hilabetearekin alderatuz gero, eta ondorioz, urtetik urterako inflazioa % 2,4an kokatu da.
Nafarroan gehien garestitu diren produktuak aisialdiarekin eta kulturarekin lotutakoak dira, % 1,7 igo dira, garraioa, berriz, % 0,8 garestitu da.
Irakaskuntzaren eta etxebizitzen arloan ere garestitzeak izan dira, % 0,2 igo dira salneurriak. Alkoholdun edariak eta tabakoa, botikak eta komunikazioa, berriz, hamarren bat garestitu dira.
Espainia
KPI % 0,1 igo da otsailean, besteak beste, erregaien garestitzeak eraginda. Ondorioz, urtetik urterako tasa % 2an kokatu da, Estatuko Estatistika Institutuaren arabera.
Hala, prezioen egonkortzeak KPI joan den irailaz geroztik jasatzen ari zen jaitsiera gelditu du. Hala ere, inflazioa duela bi urteko mailan mantentzen da, % 2an, 2010eko abuztuan, alegia, % 1,8an kokatu zen.