Ekonomia -

Sare sozialak

Jack Dorseyk Twitter utziko du, eta Parag Agrawal kontseilari delegatu berria izango da

"Twitter uztea erabaki dut, konpainia fundatzaileak atzean uzteko prest dagoela uste dudalako", iragarri du Dorseyk. Parag Agrawalengan konfiantza "handia" duela erantsi du Dorseyk.

Jack Dorseyk Twitter sare sozialeko kontseilari delegatu izateari utzi dio. Argazkia: EFE
Jack Dorseyk Twitter sare sozialeko kontseilari delegatu izateari utzi dio. Argazkia: EFE
Jack Dorseyk Twitter sare sozialeko kontseilari delegatu izateari utzi dio. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jack Dorseyk astelehen honetan baieztatu duenez, Twitter sare sozialeko kontseilari delegatu izateari utzi dio. Administrazio kontseiluak Parag Agrawal izendatu du buruzagi berri. Agrawalek hamarkada bateko ibilbidea egin du konpainian, eta 2017az geroztik teknologia zuzendaria zen.

"Twitter uztea erabaki dut, konpainia fundatzaileak atzean uzteko prest dagoela uste dudalako", iragarri du Dorseyk. Parag Agrawalengan konfiantza "handia" duela erantsi du Dorseyk.

"Azken 10 urteetan berak egindako lana eraldatzailea izan da. Bere trebezia, bihotz eta arimagatik oso eskertuta nago. Agintzeko bere unea iritsi da", gaineratu du.

Horrela, Dorseyk zuzendaritzako kidea izaten jarraituko du 2022ko akziodunen batzarrean agintaldia bukatu arte, 2006an enpresa sortzen lagundu ondoren.

Bestalde, Bret Taylor zuzendaritzako presidente berri izendatu dute, Patrick Pichetten lekua hartuz. Hala ere, Pichettek zuzendaritzan jarraituko du, Kontu-ikuskaritza Batzordeko presidente gisa.

"Zuzendaritzaren izenean, Jacken lidertza ameslaria eskertu nahi dut, baita hark erakutsitako ardura handia Twitter sortu zuenetik ere", azpimarratu du Bret Taylorrek.

Jack Dorseyren buruzagitza, Twitterreko kontseilari delegatu bezala, zalantzan jarri dute azkenaldian, batez ere Square konpainian zuzendaritza funtzioak betetzen dituelako.

Elliott Management enpresa Dorsey ordezkatzen saiatu zen iaz, Paul Singer aberatsak bi konpainiak aldi berean zuzendu behar ez zituela uste zuelako. Azkenean bi aldeek akordioa itxi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Twitter Sare sozialak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Internet