Ekonomia -

Langabezia

Krisian suntsitutako lanpostuen % 98,1 berreskuratu dira EAEn

EAEn urrian baino 650 langabe gutxiago zeuden, eta Nafarroan 426 gutxiago.

Azaroko langabezia datuak. EITB.
Azaroko langabezia datuak.
Azaroko langabezia datuak. EITB.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan, pandemiaren ondorioz suntsitutako lanpostuen % 98,1 berreskuratu dira. Izan ere, 2020ko abuztuan jo zuen goia langabe kopuruak, 146.450 pertsona, urte horretako otsailean baino 29.211 pertsona gehiago zenbatuta, eta 28.671 lagunek topatu dute lana ordutik.

Azaroan zehazki, enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan izena emanda dauden langabeen kopuruak behera egin du EAEn, urrian baino 650 pertsona gutxiago daude lanik gabe (% 0,55 gutxiago); hala, 117.779 dira langabezian dauden pertsonak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak emandako datuen arabera.

Datu horien arabera, 2020ko azaroan baino 14.657 langabe gutxiago daude (% 11,05 gutxiago), baina iazko otsailean osasun krisia hasi aurreko hilabetean baino 540 gehiago daude.

Hala ere, hilabete arteko nahiz urte arteko bilakaeran, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeziaren beherakada Estatuko batezbestekoa baino apalagoa izan da; izan ere, Estatuan % 2,28 jaitsi da urritik eta % 17,36 2020ko azarotik.

Langabeziak Industria eta Zerbitzuetan eta, batez ere, Araban eta Bizkaian egin du behera EAEn.

Langabeziak emakumeen artean soilik egin du behera (-778) gora egin baitu gizonen artean (+128). Izan ere, Gabonetako kanpainaren atarian merkataritza jarduerak aktibatzeak emakume langileak kontratatzen laguntzen du.

Hala ere, iaztik hona langabeziaren jaitsiera handiagoa izan da gizonen artean (-7.801) emakumeen artean baino (-6.856). Nahiz eta gizonezkoak izan ziren krisiaren hasieran kaltetuenak, errazago topatu dute lana. Gaur egun, EAEko langabeen % 56,2 emakumeak dira.

Nafarroan, urrian 426 lagunek topatu zuten lana; langabeziak, beraz, % 1,33 egin zuen behera. Ondorioz, azaroan 31.702 pertsona daude enplegu bila Nafarroan. 

Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak asteazken honetan emandako datuen arabera, Foru Erkidegoan 2020ko azaroan baino 7.825 langabe gutxiago daude; hau da, % 19,80 gutxiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak