Ekonomia -
ARRANTZA KUOTAK
Kantauriko legatz kuota % 8 murriztea adostu dute Bruselan
Lehen proposamenean jasotakoa baino jaitsiera txikiagoa izango da, % 18,5 gutxitzea proposatu baitzuten.
EITB MEDIA
Europako Batzordeak Kantauri itsasoko legatzaren kuota murriztea erabaki du, baina murrizketa uste baino leunagoa izango da, % 8ko jaitsiera adostu baitute. Luis Planas Espainiako Gobernuko Arrantza ministroak ontzat jo du akordioa, kuota % 18,5 murriztea baitzen Batzordearen hasierako proposamena.
2022an arrantzaleek zein arrain eta, batez ere, zenbat arrain arrantzatu ahal izango duten adostu dute astearte honetan Bruselan, arrantza kuoten urteroko negoziazioan.
Atzotik bilduta egon ostean, hirugarren urtez jarraian murrizketa izan da Bizkaiko Golkoan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko arrantzaleek harrapa dezaketen legatz kopuruari dagokionez.
Portugalgo kostan arrantzatzen duten mihi-arrainari dagokionez ere, murrizketa izango da, baina txikiagoa, % 5ekoa izango baita. Eta txitxarroaren kuota, aurreikusi bezala, handitu egin dute, % 11,6 gehiago harrapatu ahalko baitute.
Erresuma Batuarekin partekatzen diren stockaren inguruko akordiorik ez dagoela oraindik. Europako Batzordeak zuzenean negoziatzen du Londresekin, eta, hor, legatz eta bakailao gehiago dute jokoan euskal arrantzaleek.