Ekonomia -
Batzar Nagusia
Kutxabankek 'kutxa arima' duela azpimarratu du Vitaleko presidenteak
Carlos Zapaterok ohartarazi du 2012a ere ''luzea eta gogorra'' izango dela. Finantzaketa eskaintzeari utzi izana ukatu du.
Erredakzioa
Hiru euskal kutxak uztartzen dituen Kutxabank banku berriak ''kutxa izaera'' duela azpimarratu du Carlos Zapatero Vital Kutxako presidente eta Kutxabankeko presidenteordeak. ''Ez dugu inoiz ahaztuko kutxa arima duen bankua dela'', esan du.
Kutxabankeko integrazioa indarrean jarri zenetik lehen Batzar Nagusia egin du ostiral honetan Vital Kutxak.
Batzar horretan egin duen agerraldian, Zapatero egungo egoera ekonomikoaz aritu da, eta, datuen arabera, Arabako ekonomiaren errekuperazioak luzea eta gogorra izaten jarraituko duela esan du Zapaterok.
Hala ere, sektoreak bizi duen egoerarekin alderatuta, Vital Kutxako emaitzak onak izaten jarraitzen dutela azaldu du presidenteak.
8.499 milioi euroko baliabideak kudeatu zituzten 2011n, eta horietatik 8.233 sektore pribatutik iritsi ziren. 2010eko datuen pareko emaitzak dira, Zapateroren hitzetan.
Berankortasuna % 4,8koa izan zen, sektorearen bataz bestekoa baino zertxobait txikiagoa.
Azkenik, Vital Kutxako presidenteak ukatu egin du finantzaketa eskaintzeari utzi izana. Batzarrean emandako datuen arabera, bere bezeroei eskainitako maileguen zenbatekoa 6.832 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean eskainitakoaren oso parekoa.