Ekonomia -
INEren datuak
% 26 hipoteka gutxiago sinatu ziren urtarrilean Euskadin
Denera 1.931 hipoteka sinatu ziren EAEn. Espainia osoan % 41,3 hipoteka gutxiago sinatu ziren urtarrilean.
Erredakzioa
Urtarrilean, Euskadin, 1.931 hipoteka sinatu ziren, lehengo urteko datuekin alderatuta, % 25,8 gutxiago, INE Espainiako Estatistika Erakundeak argitaratutako datuen arabera
Lurraldeka, Bizkaian 788 hipoteka eman ziren, denera 106,9 milioi euro. Eskatutako hipotekaren batez bestekoa 135.766 eurokoa izan zen.
Gipuzkoan, 761 sinatu ziren, denera 109 milioi euro. Batez bestekoa, 143.344 eurokoa izan zen.
Azkenik, Araban, 382 hipoteka sinatu ziren. 47,2 milioi euro, eta eskatutako hipoteken kopuruaren batez bestekoa 123.688 eurokoa izan zen.
% 41,3 hipoteka gutxiago sinatu ziren urtarrilean Espainia osoan
Espainia osoan % 41,3 hipoteka gutxiago sinatu ziren urtarrilean 2011 urteko hilabete berarekin alderatuta, eta denera 29.167 sinatu ziren. Ondorioz, urtetik urterako tasak kontutan hartuta, 21 hilabetez jarraian behera egin du.
Hala ere, gaur INEk argitaratutako datuen arabera, abenduarekin alderatuta, hipoteken kopuruak % 18,5 egin du gora.
Urteko lehen hilean sinatutako maileguen batez bestekoa 107.217 eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 9,5 txikiagoa, eta aurreko hilabetean baino % 3,2 gehiago.
Denera, 3.127 milioi euro utzi zituzten hipoteka maileguetan.
Urtarrilean bankuek eman zituzten hipoteka gehien (hipoteka guztien % 64,7), eta aurrezki kutxek (% 18,9) eta beste finantza entitateek (% 16,4) eman zituzten gainerakoak.
Interes-tasari erreparatuta, urtarrilean batez besteko interesa % 4,42koa izan zen, 2011ko hilabete berekoa baino % 19, 1 altuagoa, eta abendukoa baino % 1,6 altuagoa. Kutxek batez beste % 4,37ko interes-tasarekin eman zituzten hipoteka-maileguak, eta 23 urtera (batez beste); bankuen, berriz, batez beste % 4,55eko interesarekin eman zituzten, eta 21 urtera (batez beste).
Hipoteken % 92,8 interes-tasa aldakorrekoak izan ziren eta % 7,2 interes-tasa finkokoak. Euriborra izan da erreferentzia nagusia, kontratu berrien % 87,8tan erabili baitute.