Ekonomia -

Koronabirusa

21.500 langile baino gehiago daude bajan Euskadin, Mutualiak egindako kalkuluen arabera

Datua urtarrilaren 5ari dagokio, eta eskura dagoen bakarra da, Osakidetzak eta Gizarte Segurantzak ez dutelako kopururik jakinarazten.

Hainbat lagun Gasteizko osasun zentro batera sartzen. Argazkia: EFE
Hainbat lagun Gasteizko osasun zentro batera sartzen.
Milaka lagun daude lanera joan ezinik covidaren eraginez

1:26

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilaren 5ean 21.525 langile zeuden bajan covid-19ak jota Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Mutualiak egindako kalkuluen arabera. EAEko mutuak gaur jakinarazi ditu eskura dituen azken datuak, duela astebetekoak. Publiko egin diren datu bakarrak dira, Osakidetzak eta Gizarte Segurantzak ez dutelako kopururik jakinarazten.

Errege bezperan, Mutualiaren ardurapean dauden 9.471 langile zeuden bajan, eta urtarrilaren 1etik 5era, 3.762 baja erregistratu zituela jakinarazi du. Datuok Euskadira estrapolatuta, kalkulua egin du mutuak eta ebatzi 21.500 behargin baino gehiago zeudela lanera joan ezinda koronabirusaren eraginez.

Natxo Lekunberri Mutualiako kudeatzaileak nabarmendu duenez, "aurrekaririk gabeko" datuak dira, eta aurreko datuak aipatu ditu adibiderako. Urrian 4.200 baja izan ziren EAEn; azaroan, halako hiru, 12.800raino eta abenduan 31.900 zenbatu ziren.

Egoera sektore guztietan errepikatzen ari da, publikoan zein pribatuan. Hezkuntzan, esaterako, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen Sailak 1.350 ordezkapen egin ditu bi egunetan, Gabonetako oporren ostean. Bilboko Udala ere larri ibili da, eta Juan Mari Aburto alkateak azaldu du "kezkatuta" daudela Udaltzaingoan eta suhiltzaileen artean izandako bajekin. Oraingoz, nola edo ahala ordezkatzen ari dira langileok.

Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek, bestalde, esan du egungo baja kopurua "arazo larria" dela ekoizpenerako eta enpresen kudeaketarako. Horrekin batera, prezioen gorakadak, energiaren kostuak eta hornigaiekin dauden arazoek egoera oker dezaketela uste du.

Zubiaurreren iritziz, enpresa txikiak dira ondorio larrienak jasaten ari direnak, "gutxi izanda, pertsona batek huts egitea arazo handia baita".

"Bajak luzeak direnean, errazagoa da ordezkoak bilatzea, baina bost eguneko bajetan ez da horren sinplea. Hortaz, ahal duten moduan egoerara egokitzen ari dira enpresak, dituzten beharrei aurre egin ahal izateko", azaldu du.

Autonomoei dagokienez, baja kopurua askoz txikiagoa da. Autonomoen elkarteko presidente Eduardo Garciak adierazi du askok negozioa itxi behar izan dutela, baina beste askok ezin dutela horrelakorik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Eusko Jaurlaritza Confebask Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Koronabirusa