Ekonomia -
ELA eta LABen kritika
Lanbiden iruzurra dagoela eta dirua xahutzen dela salatu du ELAk
LABek ere Lanbide kritikatu du, diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketarako euskara ez dakiten 160 langile kontratatuko dituelako.
Erredakzioa
ELA sindikatuak Lanbiden "antolakuntza kaosa dagoela, gizarteari iruzur egiten zaiola eta dirua xahutzen dela" salatu du. "Egoerak egunero okerrera egiten du", adierazi du. Gainera, erakundearen "hondamendia zuzentzeko" mobilizazio plan bat egingo dutela esan dute.
Lanpostuetan, soldatan, trebakuntzan eta kontratazioan "diskriminazio" egoerak daudela salatu du sindikatuak, eta "administrazio kaosa" dagoela nabarmendu du, "estruktura eta antolakuntza araudirik gabe dagoelako".
Gainera, Lanbidek "ez dizkie langabeei ikastaroak ematen, ekintzaileei izan ezik, eta autonomoentzako diru-laguntza abuztutik geldituta dago", esan du ELAk.
Bestetik, erakundearen antolakuntza "eskandaluzkoa" dela adierazi du, sistema informatikoak "ez duelako funtzionatzen, 3 milioi euro balio izan duenean".
LAB sindikatuak ere gogor kritikatu du Lanbide. Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketarako euskara ez dakiten 160 langile kontratatuko dituela esan dute.
Zehazki, Araban kontratatuko dituzten 43 administratiboei ez zaiela euskara eskatuko salatu dute. Gipuzkoan kontratatuko dituzten 32ri eskatuko diete, eta Bizkaian, 85etik, 16ri ( %18,8).
LABek euskara jakitea kontutan ez izatea salatu du "administratibo horiek herritarekin harreman zuzena dutenean, eta berriz ere euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dira", adierazi dute.