Ekonomia -
Grezia
Greziar erretirodun batek bere buruaz beste egin du krisia dela eta
“Ez dut borrokotzeko beste erarik ikusten amaiera duin bat baino, janaria lortzeko zabor artean bilatzen ez hasteko”, dio suizidio oharrak.
Erredakzioa
77 urteko greziar batek bere buruaz beste egin du gaur Atenasen, Parlamentuaren aurrean. Heriotza izan eta ordu gutxitara, jende asko bertaratu da; kandelak, loreak eta krisiaren aurkako mezuak utzi dituzte hiri-erdialdean, Sintagma plazan.
Hainbat lekukok esan dutenez, gizonak pistola batez buruan tiro bat eman du, “Zorrak ditut, ezin dut gehiago jasan!” eta “Ez dizkiet nire zorrak seme-alabei utzi nahi” esan ostean.
Suizidio ohar bat aurkitu dute hildakoaren berokiko poltsikoan eta gizonak, farmazialari erretiratuak, bere buruaz beste egitearen errua politikariek eta arazo ekonomikoek dutela irakur daiteke bertan, Poliziak adierazi duenez.
“Suminduek” Greziak onartu berri dituen austeritate neurrien kontra protestatzen aritu diren gizon-emakumeak, manifestazioa deitu dute arratsalderako.
Gizon batek egungo egoerarengatik bere buruaz beste egin izana “giza tragedia bat” dela onartu du Pantelis Kapsis Gobernuko bozeramaileak.