Ekonomia -

Murrizketa plana

Hezkuntza eta Osasuna Estatuari itzultzea proposatu du Aguirrek

"Bakarrik mantendu daitezkeenei eta mantendu behar direnei" diru-laguntza publikoak kentzeko proposatu du. Bestalde, Rajoyk ez du autonomia-estatuaren inguruko eztabaidarik "pentsatu ere egin".

Esperanza Aguirre Madrilgo presidentea. Efe.
Esperanza Aguirre Madrilgo presidentea. Efe.
Esperanza Aguirre Madrilgo presidentea. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperanza Aguirre Madrilgo presidenteak Hezkuntza, Osasun eta Justizia eskumenak Estatuari itzultzea proposatu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Halaber, Udalek Garraioak eta Gizarte Zerbitzuak Estatuaren esku uztearen alde ere egin du. Horrela, erkidegoek 48.000 milioi euro aurreztuko lituzkete.

Hori adierazi du gaur Aguirrek Espainiako Gobernuko presidentearekin bildu ostean. Rajoy Gobernura heldu zenetik egin duten lehen bilera ofiziala da, eta azken asteotan Espainiako presidentea erkidegoetako presidenteekin egiten ari den bilera sortari dagokio.

Madrilgo presidentearen iritziz, krisiari aurre egiteko Administrazio Publikoa "argaldu" eta horretan "erreforma sakona egin" behar da, diru-sarrerak handitzeko, gastuak murrizteko eta "funtzioak bikoiztu eta hirukoizteari" uzteko.

Halaber, "bakarrik mantendu daitezkeenei eta mantendu behar direnei" diru-laguntza publikoak kentzeko proposatu du; besteak beste, alderdi politikoak, patronalak, sindikatuak eta errenta altuak dituztenak aipatu ditu Aguirrek.

Rajoyk ez du autonomia-estatuaren inguruko eztabaidarik "pentsatu ere egin"

Esperanza Agirreren adierazpenen harira, Mariano Rajoyk esan du bere partetik ez duela autonomia-estatuaren inguruko eztabaidarik "pentsatu ere egin", eta Konstituzioan "sagaratuta" dagoela adierazi du, 1978an espainiarrek alde bozkatu zuten sistema, eta bera ere "alde" dagoela gaineratu du.

PSOEren, EAJren eta Generalitataren erantzuna

Rafael Simancas PSOEren diputatuak "astakeriarik ez" esateko eskatu die PPri eta Gobernuari, Esperanza Aguirre Madrilgo presidenteari batez ere, izan ere, "astakeria handiena" berak bota omen du Hezkuntza, Osasuna eta Justizia eskumenak Estatuaren esku uztea proposatu duenean.

Simancasek Gobernua kritikatu du, krisia larria den une honetan "lasai" egon beharrean "urduri" egoteagatik, eta buruzagi politikoak "astakeria lehia batean" murgildu direlako.

Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak, bere aldetik, argi adierazi du jeltzaleak eskumenak behartuta galtzearen kontra agertuko direla. Hala ere, erkidegoren bateko gehiengo politikoak eskumenen bat Gobernuaren esku utzi nahi badu EAJ ez dela kontra jarriko zehaztu du.

Horren harira, Artur Mas Generalitataren presidentea ez da eskumenak berriro zentralizatzearen kontra agertu, beti ere "artifizialki" sortutako erkidegoen kasuan, ez EAE edo Katalunia bezalakoetan, "autogobernurako borondatea" dagoen erkidegoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea