Ekonomia -

GARRAIO PUBLIKOA

Metro Bilbaoren 5. linea egiteko lanak urrian hasiko dira

Lanek 360 milioi euroko kostua izango dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana ordainduko dituzte. Aurreikusitako epeak betez gero, metroa 2027an iritsiko da Galdakaora, eta bi urte geroago, ospitalera.

Honelakoa izango da Metroaren 5. linea
Honelakoa izango da Metroaren 5. linea
Galdakaoko bizilagunak pozik daude metroaren iritsierarekin

1:15

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko metroaren 5. linea egiteko lanak urrian hasiko dira, eta horiek amaitutakoan Galdakaoko ospitaleraino iritsiko da.

6,3 kilometroko luzera izango du, eta bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea. Gainera, konexioa izango du Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen linearekin. Lanek 360 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta horri Euskotrenekin lotzeak eragingo duen kostua gehitu beharko zaio. 

Bilbo eta Galdakaoko ospitalea lotuko dituen metroaren 5. lineak 360 milioi euroko kostua izango du, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana ordainduko dute, Europar Batasuneko Next Generation funtsen zain egon gabe.

Bi erakundeek maiatzean sinatuko dute finantzatzeko hitzarmena. Aurreikuspenen arabera, hilabete horretan bertan lizitatuko ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS) proiektuaren lehenengo bi zatiak, abuztuan esleituko dira obrak eta urrian hasiko dira lanak.

Epeak betetzen badira, metroa 2027an iritsiko da Galdakaora, eta bi urte geroago, ospitalera.

 Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaorako metroaren 5. linea bultzatzea erabaki dute

Urkullu: "Proiektua definituta dago eta aurrera eramateko finantza-gaitasuna daukagu"

Bilbo eta Galdakaoko ospitalea lotuko dituen metroaren 5. lineari buruzko azalpenak eman dituzte gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak.

"Proiektua definituta dago eta aurrera eramateko finantza-gaitasuna daukagu. Ados jarri gara eta azpiegitura hori % 50ean finantzatzeko konpromisoa hartu dugu", esan du lehendakariak. Europar Batasuneko Next Generation funtsei itxaron gabe erabaki dute lanak hastea. Urkulluren esanetan, ordea, azkenean dirua Euskal Autonomia Erkidegora heltzen bada, euskal erakundeek 5. linea egitera bideratutako dirua "askatu" eta beste inbertsio batzuk "bizkortu" ahalko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Jaurlaritza albisteak Metro Bilbao Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Bizkaiko Foru Aldundia