Ekonomia -
Bilera PPko egoitzan
Rajoyk eta PPren Erkidegoek 'itun ekonomiko handia' sinatu dute
PPren eskuetan dauden Autonomia Erkidegoek Gobernuak ezarritako defizita betetzeko hitza eman dute. Bestalde, Rajoyk oinarrizko gizarte-zerbitzuak bermatuko dituela azpimarratu du.
Erredakzioa
Mariano Rajoyren Gobernuak eta PPren eskuetan dauden Autonomia Erkidegoko Exekutiboek zorroztasun ekonomikoaren eta aurrekontuen orekaren aldeko eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak bermatzeko "itun handia" sinatu dute larunbat honetan. Horien arabera, aurreikusitako erreformei esker Espainia krisi ekonomikotik irtengo da.
Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak berak esandako "itun handia" PPren egoitzan sinatu dute, Madrilen, eta bertan Mariano Rajoy Gobernuko presidentea eta PPko baroiak, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordea eta Luis de Guindos, Cristobal Montoro eta Jose Manuel Soria ministroak izan dira.
PPren eskuetan dauden Autonomia Erkidegoek babes osoa eman diote Rajoyren 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorreko lege proiektuari eta Gobernuak ezarritako defizita (2012rako BPGren % 1,5ekoa) betetzeko behar den beste egiteko hitza eman dute.
Gainera, Gobernuak eta PPko baroiak herritar guztiei oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta eskubideak bermatzeko hitza eman du eta horretarako, lehentasun sistema bat ari da prestatzen. "Bestela, jaso dugun ondasuna dela eta, ezinezkoa egingo zitzaigun gizarte-zerbitzuak mantentzea", esan du Cospedalek.
Oparoaldietan lortutako onurak
Lehentasun sistema horren inguruko xehetasunak eskatu dizkiote Cospedali eta esan duenez, autobusez dohainik bidaiatzea 65 urtetik gorako lagunei kentzen baldin badizkiete "horrek ez luke gizarte-eskubide baten ezabapena suposatuko, oraindik osasun zerbitzuak eskaintzen badizkiogu".
Halaber, PPko idazkari nagusiak "erakundeei leialtasuna erakusteko erabateko beharra" azpimarratu du. "PPko Gobernuak ez die Autonomia Erkidegoei inoiz bizkarra emango", gaineratu du.