Ekonomia -
Irungo Ogasuneko iruzurra
Errugabea dela esan du Bravok epaiketaren lehen saioan
Irungo Ogasuneko ustezko iruzurraren epaiketa berriz hasi da gaur goizean, akusatuen deklarazioekin.
Erredakzioa
Jose Maria Bravo Irungo Ogasuneko zuzendari ohi eta erakunde horretako ustezko iruzurreko auzipetu nagusiak errefusatu egin ditu egotzitako delitu guztiak.
Errugabea dela esan du, eta Rosa Cobos bere emaztearen eta Pedro Atristain bazkidearen errugabetasuna ere defendatu du.
Ikerketaren arabera, ia bi milioi euro hartu zituen Bravok. Ustez, Ogasunarekin zorrak zituzten pertsonekin harremanetan jartzen zen, eta ordainarazi egiten zien, baina ondoren diruarekin geratzen zen.
Akusatuak berriro esan du ez zuela dirurik hartu eta berak bildutako diru guztia Ogasunaren kontuetan dagoela.
Hala ere, ustezko zordunek ematen zioten dirua kobratzerakoan "irregulartasun" bat egin izana onartu du.
Jarduera horiek 1992 eta 1996 bitartean, abokatu karrera amaitzen ari zenean, eta 2001 eta 2003 bitartean, Ogasuneko lana uztea pentsatzen ari zenean, izan zirela esan du, eta ez dela horiekin “harro” sentitzen gaineratu du. Orduan, Ogasun sailetik at zegoen lanbide-jarduera batean ere bazegoela adierazi du, eta "atentzioa deitu gabe" ezin zituela diru-sarrera horiek bere kontuetan sartu deklaratu du. Txeke bitartez eginez gero, ordea, ez zela deigarria gertatzen azaldu du. Horregatik, horretarako, zergadunek ematen zizkioten txekeak aprobetxatzen zituela esan du.
Ondoren, egun batzuetako atzerapenarekin batzuetan, zergadunek Ogasunarekin zuten zorra bere diruarekin eskudirutan ordaintzen zuela esan du.
Bravok fiskalaren galdeketan egin ditu adierazpenok, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian abiatutako epaiketan.
Bista gaur arte atzeratu zuten astelehenean, epaimahaiak bi aldeen eskaerak azter zitzan. Gaur goizean, beraz, berriro abiatu da, akusatuen deklarazioekin.
Epaiketak hilabete bateko iraupena izango du eta 60 lekukok baino gehiagok deklaratuko dute.
Miguel Alonso Belza Batzar Nagusien eta Aldundiaren ordezkari gisa akusazio partikularra egiten ari denak eta Fiskaltzak, defentsak eskatutakoa bertan behera uzteko eskatu zuten.
Fiskaltzak 24 urteko espetxe zigorra eskatzen du Bravorentzat 1990 eta 2004 urte bitartean funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik, zigortzeko moduko kaudimen gabeziagatik, errezibitzeagatik eta iruzur delituengatik. Cobosentzat 10 urte eta hilabete bateko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak zigortzeko moduko kaudimen gabeziagatik eta funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik. Atristainentzat, urte eta erdiko espetxe zigorra errezeptazioa leporatuta.
Gipuzkoako Ogasunari 2 milioi euroko kalte-ordaina eman diezaiotela eskatu du Fiskaltzak eta beste 1,9 milioi euro Gipuzkoako Foru Aldundiari.