Ekonomia -
Otsaileko datuak
Berankortasuna % 8ra igo da, azken 18 urteetako maila altuenera
Finantza erakundeek familiei eta enpresei emandako kredituen berankortasuna 1994az geroztik izandako mailarik gorenean kokatu da otsailean, % 8,15ean, alegia.
Erredakzioa
Bankuek, kutxek, kooperatibek eta finantza erakundeek familiei eta enpresei emandako kredituen berankortasunak gora egin du otsailean. % 8,15koa da, eta azken 18 urteetako mailarik altuena harrapatu du.
Espainiako Bankuak emandako behin-behineko datuen arabera, berankortasuna bi hamarren igo da otsailean, urtarrilean baino hamarren bat gutxiago.
Berankortasun tasa zortzigarren hilabetez jarraian igo da, ekainean % 6,48tik % 6,41era jaitsi eta gero. Hala, berankortasuna 31.235 milioi euro puztu da azken urtean.
Finantza sektoreko kredituen berankortasuna 143.815 milioi euroan kokatu zen otsailean; 2010eko maiatzean 100.000 milioi euroko maila psikologikoa gainditu eta gero, ia 44.000 milioi gorago dago egun. Mailegu kopurua beheraka doa, gainera: ia % 3 jaitsi ziren 2011n eta 1,763 bilioi euro baino gehiagokoa zen utzitako diru kantitatea otsailean.
Berankortasunaren igoerari aurre egin ahal izateko, Espainiako finantza sektoreak 82.006 milioi eurotan ezarri zituen bere hornidurak.