Ekonomia -
Ekimen berria
Ikeak telebista eta soinu ekipodun altzariak salduko ditu
Altzariak eta ekipo elektronikoak denda berean saltzea da Suediako altzari fabrikatzaile handienaren helburua.
Erredakzioa
Ikeak, Suediako altzari ekoizle handienak, elektronikaren merkatuan sartu nahi du TCL Multimedia konpainia txinatarrarekin lortu duen lankidetza akordioari esker, enpresa suediarrak jakitera eman duenez.
Ikea ezaguna da erosleak berak muntatzen dituen altzari merkeak saltzen dituelako. Bada orain, altzariak telebista eta soinu ekipoarekin saltzen hasiko da, eta 2013ko udarako saltoki guztietan egongo dira altzari horiek salgai. TCLk bereziki Ikearentzat diseinatutako soinu ekipoak, telebistak eta CD/DVD/Blu-Ray-ak ekoiztu ditu.
“Guretzat pauso handia da. Gure eskaintza bakarra izango da merkatuan”, adierazi du Magnus Bondesson Ikearen arduradunetako batek. “Kontzeptu berri bat sortzen ari gara, leku bakarrean altzariak eta ekipo elektronikoak erosi ahal izateko”, gaineratu du.
Altzarien helburua kableen eta urruneko aginteen nahasmendua saihestea omen da. Ikeako salmenten buruak esan du altzariak 6.500 koroa suediar (700 euro) inguru balioko duela kasu merkeenean.