Ekonomia -
Akzioen salmenta
ACSk Iberdrolako % 3,7 saldu du
Akzioen salmenta dela eta bi konpainiek jaitsiera indartsuak jasan dituzte burtsan. Eraikuntza konpainiak jakinarazi duenez pilatutako zorra murrizteko hartu du Iberdrolako akzioak saltzeko erabakia.
Erredakzioa
ACSk Iberdrolaren % 3,7 saldu du, akzioa 3,62an saldu du. Salneurri hori, hain zuzen bezperako itxieran lortutakoa baino % 7 merkeagoa izan da eta 798 milioi euroko diru sarrera lortu ahal izan du, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak jakinarazi duenez.
Konpainiak ohar batean kaleratu duenez, 800 milioi euro horiek "zorra murriztu eta likidezia" indartzeko erabiliko dituzte. Ohar hau kaleratu eta gero Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak goizeko 10:15ean bi enpresen kotizazioa baimendu du, ostera.
Bai eraikuntza konpainiaren akzioek baita elektrikoarenak ere jaitsiera handiak pilatu dituzte burtsan. Iberdrolak % 6 inguruko galera jasan du une batean, akzioak 3,7 euroko balioa hartu dute, eta ACSk, berriz % 4 inguruko jaitsiera pilatu du, akzioak 16,9an kotizatzen dira.
ACSk asteartean eman zuen Iberdrolaren % 3,69 saltzeko erabakiaren berri. Neurri hori, hain zuzen, eraikuntza konpainiak duen zorra murriztu ahal izateko hartu du, 9.334 milioi euroko zorra pilatu baitu.
Zenbait hedabideren iritziz, Iberdrolak burtsan azken egunetan jasandako beherakada dela eta bankuei berme gehigarririk ez emateko helburuarekin hartu du erabaki hori ACSk.