Ekonomia -
Eustat
Turismoa % 3 jaitsi da EAEn
Bidaiari kopuruaren jaitsiera, batik bat, Bizkaian nabaritu den beherakadak eragin du, % 5 egin du behera turista kopuruak lurralde horretan.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko ostatu-establezimenduetako bidaiari-sarrerak % 3 jaitsi dira martxoan, beherakada hori, batez ere, Bizkaian nabaritu da.
Lurralde horretan, hain zuzen, turista-kopuruak % 5 egin du behera, Eustat Euskal Estatistika Institutuak 2012ko martxoko Establezimendu Turistiko Hartzaileen Inkestan jaso duenez.
Otsailean Gipuzkoak % 11 bidaiari gutxiago jaso zituen, Bizkaian, berriz, apenas nabaritu zen atzerakada, % 1 baino ez zen jaitsi, eta Araban % 4 igo zen.
Martxoan, ordea, 2011ko hilabete berarekin alderatuz gero, Bizkaian % 5 jaitsi da turismoa, Gipuzkoan, % 3, eta Araban, berriz, % 5 hazi da.
2012ko martxoan guztira 170.166 bidaiari-sarrera erregistratu ziren EAEko ostalaritza-establezimenduetan, iaz garai horretan jasotakoak baino 5.233 sarrera gutxiago; hau da, % 3ko jaitsiera izan da. Turista atzerritarren kopurua % 5 jaitsi da, eta estatukoena, berriz, % 2.
Gaualdiak ere behera
Gaualdiak, 2012ko martxoan, 306.023 izan ziren, aurreko urtean baino %3 gutxiago, hots, 8.766 gaualdi gutxiago.
Urte arteko datuei erreparatuz gero, bilakaera positiboa izan zuten Araban (%4) eta Gipuzkoan (%3), baina Bizkaian, berriz, okerrera egin zuten (%5).
Batez besteko egonaldiak ez du aldaketarik izan 2011ko martxoarekin alderatuta. Turistek batez beste 1,82 egun eman dituzte Araban; 1,81 egun, Bizkaian; eta 1,77, Gipuzkoan.