Ekonomia -
Maiatzaren 1ean aurkezpena
Amaiurreko indarrek plan sozioekonomiko bat prestatu dute
Ezker abertzalea, EAk, Alternatibak eta Aralarrek egindako proposamena "irekia" da eta datorren maiatzaren 1ean egingo dute publiko.
Erredakzioa
Ezker abertzalea, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek krisiari aurre egiteko egitasmo sozioekonomikoa prestatu dute eta datorren maiatzaren 1ean egingo dute publiko, Internet bidez.
Lau indar politikoetako ordezkariek agerraldia egin dute Donostian eta, bertan azaldu dutenez, azken hilabeteetan "gogor" aritu dira lanean ekimena garatu eta zehazteko. Joseba Permachek (ezker abertzalea), Mariano Alavak (EA), Oskar Matutek (Alternatiba) eta Ainhoa Beolak (Aralar) azaldu dutenez, proposamena "subiranotasunean" oinarritzen da, "Euskal Herriak subiranotasuna behar baitu ezarri nahi dizkiguten politika basatiak geldiarazteko". "Madrileganako eta Parisenganako menpekotasunak ahulago egiten gaitu, egoera soziekonomiko larri honi aurre egiteko bitartekorik gabe uzten gaituelako", adierazi du Joseba Permachek.
Dokumentu honen beharrizana ezinbestekotzat jo dute, "areago euskal herritarren gehiengoa kalera atera denean krisiaren aitzakiarekin ezartzen ari diren neurriak errefusatzeko".
"Guk proposatuko dugun alternatibak eredu berri batera heltzeko bidea zehaztuko du, betiere herritarrekin, sindikatuekin eta gainerako gizarte-eragileekin elkarlanean arituta, Euskal Herri justuagoa lortzeko, elkartasunean eta aniztasunean oinarrituta", azaldu dute.
Proposamen irekia
Gauzak horrela, datorren astean aurkeztuko dute plana "irekia" dela azpimarratu dute eta, ondorioz, foro ezberdinetan aztertzeko aukera emango dutela iragarri dute, "herritarrek, sindikatuek nahiz gizarte-eragileek ekarpenak egin ditzaten". Dokumentuak lau zati izango ditu: lehen zatian munduak, Espainiak, Frantziak, EAEk, Nafarroak eta Iparraldek bizi duten egoera ekonomikoa aztertzen dute; bigarren zatian "justizia sozialean oinarritutako proiektu estrategikoak" azaltzen dituzte; hirugarrenean, subiranotasun ekonomikoa eta politikoa aldarrikatzen dute; eta azken puntuan "krisi ekonomikoa, ekologikoa eta soziala" gainditzeko ildo nagusiak aurkeztuko dituzte.