Ekonomia -
Defizita murrizteko
Zergak igo eta aldi berean murrizketak egitea aztertuko du Nafarroak
Foru Gobernuak 15 eguneko epea hartu du aurrekontuen doitzea eta egoera ekonomikoa uztartzeko proposamena aurkezteko.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "aurrekontua doitu eta defizitaren helburua betetzeko zergak igo edo murrizketak egin beharko ditugu, edo bi neurriak batera martxan jarri". Gai hori Gobernuaren mahai gainean dagoela adierazi du Barcinak "15 eguneko epean erabakia hartu ahal izateko".
Parlamentuko osoko bilkura hasi baino lehen egin dizkie adierazpen horiek kazetariei, Nafarroako Barne Produktu Gordinaren % 1,2ko jaitsieraz galdetu eta gero. "Ekonomia eta Ogasun kontseilariak argi azaldu zuen atzo, bederatzi hilabete hauetan aldagai guztiak kontuan hartuta diru-sarreren bilakaera nolakoa izan den ikusi eta gero, geure aurrekontua 54 milioi eurotan doitu behar dugu eta bi aukera bakarrik daude, diru-sarrerak igotzea edota murrizketak egitea", esan du Barcinak.
Hala ere, "hirugarren aukera bat" dagoela gaineratu du Barcinak: "bi gauzak batera egin ditzakegu, eta hori da Nafarroako Gobernua aztertzen ari dena". Presidenteak aditzera eman duenez, Gobernuak 15 eguneko epea hartu du aurrekontuen doitzea eta egoera ekonomikoa uztartzeko proposamena aurkezteko.
Amnistia fiskala
Egoera ekonomikoak amnisitia fiskalaren aplikazioan eragina eduki dezakeen ala ez galdetu diotenean, Barcinak aitortu egin du "denak" eragina izan dezakeela azken erabakia hartzeko orduan. Hala ere, "adostasun handiena" lortzen saiatuko direla gaineratu du.