Ekonomia -
Zornotzan
AKT plastiko enpresak langile bat kaleratu du baja hartzeagatik
Zornotzako AKT plastiko enpresako langileek greba mugagabea deitu dute, kaleratutako langile bat berriz onartzea eskatzeko. Enpresak lan-araudi berriari heldu dio kaleratzea gauzatzeko.
Erredakzioa
Zornotzako AKT plastiko enpresako langileek greba mugagabea deitu dute, kaleratutako langile bat berriz onartzea eskatzeko. Gaixorik zegoela eta hamabi egun bajan eman ostean kaleratu du automobilgintzarako plastikoak egiten duen enpresak, ELAren arabera.
Enpresak Gobernuaren azken erreformarekin indarrean sartu den lan-araudi berriari heldu dio kaleratzea gauzatzeko; gaixorik zegoela eta, langilea bi aldiz egon da bajan bi hilabetetan, lau eta zortzi egunez, eta bietan behar bezala "justifikatu" du gaixotasuna, ELAren hitzetan. AKTk Volkswagen etxearentzat egiten du lan gehienbat.
Bajan dauden langileen jazarpena egitea enpresaren "ohiko jardunbidea" izatea deitoratu du ELAk.
Nafarroako Volkswagenek, bestalde, maiatzean aldi baterako 52 langile kaleratuko dituela jakinarazi du, langileen kopurua lan kargei egokitzeko, enpresa batzordeak agiri batean jakinarazi duenez.
Volkswagen taldeak (Volkswagen, Seat, Audi eta Skoda etxeek osatzen dute) 3.200 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu aurten, urteko lehen hiru hilabeteetan; iazko lehen hiruhilekoan baino % 86,1 gehiago irabazi du.