Ekonomia -
Lehengaiak
Etxebizitzen eraikuntza % 10 eta % 15 artean garestitu da azken hiru hilabeteetan
Ukrainako gerrak eta energiaren krisiak lehengaiak garestitzea eragin dute, eta horrek arriskuan jarri du eraikuntzaren sektorea.
EITB MEDIA
Elektrizitatearen prezioaren igoerak eta Ukrainaren inbasioaren ondorio ekonomikoek areagotu egin dute pandemia hasi zenetik eraikuntzaren sektorean nabari zen arazoa, lehengaien garestitzea, alegia. Urritasunak eta garestitzeak kontsumitzaileari eragiten diote.
Testuinguru inflazionista batean, burdin armatua, eraikuntzan gehien erabiltzen den materialetako bat, % 50 garestitu da azken hilabeteetan, eta adreiluaren prezioak % 40 egin du gora.
Garestitze horrek obra publikoak eta pribatuak garestitzen ditu. Sektoreko adituen kalkuluen arabera, etxebizitzen eraikuntzak duela bizpahiru hilabete baino % 10 eta % 15 artean gehiago balio du orain, eta igoerarik handiena azken hilabetean gertatu da.
Alfredo Pozueta Sukia Eraikuntzak enpresako gerenteak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan azaldu duenez, "tarifak astero-astero igotzen dizkigute eta gure gremioen eta hornitzaileen zailtasunak jasotzen ditugu".
Juan Antonio Gimenez Quintana Jicasako gerenteak azaldu du prezioen igoerak egun batetik bestera jakinarazten dizkietela. "% 3 eta % 5 inguru artean igotzetik % 15 eta % 20 artean igotzera igaro gara, baita % 35era arte ere, kasu batzuetan", esan du.
Egoera horren ondorioz, sustatzaile askok zenbait obraren hasiera geldiarazi behar izan dute. "Lan batzuetan sustatzaileak seinalea itzuli du", adierazi du Alvaro Unamuno Adolfo Sobrino Eraikuntzak enpresako kudeatzaileak.
Hala ere, arazorik handiena dagoeneko egoera aurreratuan dauden eta kontratu itxiak dituzten obretan dago. Sustatzaileek igoera onartu eta gainkostua beren gain hartu beste aukerarik ez dute aurrera egiteko.
Enpresa eraikitzaileek lasaitasun-mezua helarazi diete dagoeneko etxebizitza baten erosketa sinatu duten bezeroei, baina ez dakite noiz arte eutsi ahalko dion higiezinen sektoreak egoera horri.