Ekonomia -
Ipar Euskal Herria
Aske dira higiezinen agentzien kontra pintaketak egiteagatik Itsasun eta Hazparnen atxilotutako lau gazteak
Atzo goizean atxilotu zituzten, eta Paueko epaileak deklarazioa hartu ostean, arratsaldean lire utzi zituzten, kargurik gabe. Hazparnen eta Itsasun mobilizazioak egin zituten, atxiloketak salatzeko.
EITB MEDIA
Higiezinen agentzien kontra pintaketak egiteagatik Itsasun eta Hazparnen atzo atxilotutako lau gazteak kargurik gabe aske utzi dituzte.
Azaroa eta martxoa artean Ipar Euskal Herriko hainbat agentziatan espekulazioaren kontra egindako pintaketen egileak direlakoan hartu zituen Frantziako Poliziak atxilo gazteak, atzo goizean, eta Paueko (Frantzia) epaileak deklarazioa hartu ondoren, arratsaldean libre geratu ziren.
Baionako Fiskaltzak baieztatu zuenez, Paueko Ikerketen Sekzioak abiatutako ikerketa baten ondorio dira atxiloketok.
Hainbat gazte mugimenduk eta EH Baik deituta, mobilizazio jendetsuak egin ziren Hazparnen eta Itsasun, polizia-operazioa salatzeko. Itsasuko herriko etxearen atarian, esaterako, 150 bat pertsona elkartu ziren, 'Atxilotuak askatu, errepresioari buru egin' lelopean.
EH Baik ohar bidez gogor salatu zituen atxiloketak, eta "Frantses Estatuak iraganeko errezetekin segitzen" duela esan zuen. "Gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu eta errepresioa eta gazteriaren kriminalizazioaren parioa egiten du", adierazi zuen abertzale ezkertiar, feministen eta ekologisten mugimendu politikoak.