Ekonomia -
deskontua erregaietan
Facuak Gipuzkoako gasolindegi bat eta Nafarroako lau salatu ditu, deskontuaren ostean prezioak igotzeagatik
Guztira, 13 erkidegotako 230 hornitegiren salaketak helarazi dizkio elkarteak Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeari.
agentziak | eitb media
Facua kontsumitzaileen elkarteak Gipuzkoako gasolindegi bat eta Nafarroako lau salatu ditu apirilaren 1ean, deskontuak indarrean sartu ziren egunean, prezioak bost zentimo igotzeagatik.
Guztira, 13 erkidegotako 230 hornitegiren salaketak helarazi dizkio elkarteak Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeari.
Ohar batean, Facuak adierazi du joan den ostiralean salatutako gasolindegiek gutxienez bost zentimoko gehikuntzak aplikatu zituztela. Sektoreak eman behar duen marjinen murrizketa da hori, martxoaren 29ko 6/2022 errege lege-dekretuko 15 artikuluak xedatzen duenez. Horri jarraiki, premiazko neurriak abiatu zituzten, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko Plan Nazionalaren baitan.
Hala, apirilaren 1eko goizean prezioak eguneratu eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioari hala jakinarazi zioten 5000 gasolindegi baino gehiagoren artean, 208k bost zentimotik gorako igoerak ezarri zizkioten gasolioaren prezioari. 95 gasolinari dagokionez, bost zentimo edo gehiagoko igoera ostiral goizean izan zen, 171 hornitegitan.
Elkarteak martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eskuratu zituen datuok, aipatu Ministerioko Geoportal webgunearen bitartez.