Ekonomia -
CCOOren salaketa
Nervacero lantegian 55 lagun kaleratu eta soldatak jaitsi nahi dituzte
Sindikatuaren arabera, neurri horiek azken lan-erreformari helduta proposatu ditu Trapagarango (Bizkaia) enpresak.
Erredakzioa
Trapagarango (Bizkaia) Nervacero enpresak, azken lan erreformari helduta, soldatak % 30 jaistea, urteko lanaldia 20 egunetan handitzea eta langileen kopurua 355etik 300era gutxitzea proposatu duela salatu du CCOOk.
Eraikuntzarako altzairu uhindua egiten duen enpresa hau Kataluniako Celsa taldeko kidea da, eta zuzendaritzak, ohar baten bidez, "instalazioak ixteko mehatxua" egin diela salatu du CCOOk.
CCOOren arabera, altzairuaren eskaria 7 milioi tonatik 1,2ra jaitsi dela nabarmendu du zuzendaritzak erabaki hartzeko argudio gisa.
Nervaceroko enpresa batzordeak mobilizazioak deituko dituela iragarri du eta datozen egunetan, bilera batean proposatuko ditu.
Lan-erreforma indarrean dagoenetik, enpresa batek proposatutako "murrizketarik handiena" dela salatu du CCOOk. Gainera, langileek hiru urtez ez dutela soldata igoerarik izan azpimarratu du, eta lantaldean egokitzeak eta lekualdatzeak jasan dituztela gaineratu du.