Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
EAJ eta PSE, murrizketen aurkako jarrera bateratua adosteko zorian
Bi talde parlamentarioek akordioa lortzea espero dute, Hezkuntzako eta Osasuneko murrizketen aurka agertzeko.
Erredakzioa
EAJko eta PSE-EEko talde parlamentarioak Espainiako Gobernuaren murrizketen aurkako jarrera bateratua adosteko zorian daude.
Alderdi jeltzaleak hiru gaineratze-zuzenketa aurkeztu ditu bihar sozialistek Eusko Legebiltzarrean defendatuko duten legez besteko proposamenaren aurrean. Ekimen horretan, PSEk autogobernua, zerbitzu publikoak eta politika sozialak babesteko deia egin dio Jaurlaritzari, "auzitara jotzea ere baztertu gabe".
Sozialisten aburuz, EAJk gaineratze-zuzenketak aurkeztu izanak proposatutakoa "onartu" egiten duela esan nahi du. Horrenbestez, akordioa lortzeko aukera badagoela uste dute.
EAJko talde parlamentarioaren iturriek ere posible ikusten dute akordioa.
Zuzenketotan, EAJk proposatu du Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak adostea Euskadik izan behar duen parte-hartzea Estatuak "finantziazio konpromiso berriak" hartzen baditu.
Halaber, Gernikako Estatutua garatzeko eta ezartzeko ekintza guztiak abiatzeko eta beharrezkoa bada auzitara ere jotzeko eskatu du.
Aralarrek eta Ezker Anitzak ere zuzenketak aurkeztu dituzte gai honen inguruan.
Horietan, Aralarrek murrizketak ez ezartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta Ezker Anitzak kontituziokontrakotasun helegitea aurkezteko.