Ekonomia -
Errepideak
Gipuzkoako Aldundiak udan bidesariak igotzea proposatu du
300.000 liburuxka banatuko dituzte errepideen egoeraren inguruan informazioa eman eta finantziazioaren inguruko eztabaida irekitzeko.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundia Batzar Nagusietako taldeekin lanetan ari da ordainsarien inguruko proposamen bat zehazteko. Udan, Via-T ez duten bezeroei bidesariak 50 zentimo igotzea proposatu du. Errepideen egoera hobetzeko diru-sarreren ezari aurre egiteko neurria da eta autobideak doakoak izatea "bideraezina" dela ohartarazi du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Azpiegitura diputatuak.
Joseba Altube Errepideetako Azpiegituren zuzendari orokorrarekin batera prentsaurrekoa eman du Donostian, Aldundiak martxan jarri duen programa baten berri emateko. Ildo honetan, 300.000 liburuxka banatuko dituzte errepideen egoeraren inguruan informazioa eman eta finantziazioaren inguruko eztabaida irekitzeko.
Gipuzkoan errepide asko "oso egoera kaskarrean" daudela esan du Ugartek, eta adibide gisa N-1 eta G-20 errepideak aipatuta, "lehenbailehen konpondu behar dira", gaineratu du.
Honen harira, egungo finantziazio sistemak ez dituela behar guztiak hartzen esan du, Gipuzkoa osoko azpiegituretan 1.300 kilometro baitaude.
Autobideetan ordaintzearen inguruan, "Europan jada egiten den joera" dela aipatu du Ugartek, eta "neurria aproposena den ala ez" aztertu behar dela gaineratu du.