Ekonomia -
ukrainako gerra
Eusko Jaurlaritzak Isuri Funtsa aktibatu du, Ukrainako gerraren ondorio sozialei aurre egiteko
15,1 milioi euroko funtsak ukrainar errefuxiatuak hartzeko ekimenak jasotzen ditu, besteak beste; laguntzak, arreta psikosoziala edo eskolaz kanpoko hezkuntza babesa.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren bitartez, 15,1 milioi euroko Isuri Funtsa aktibatu du, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko premiazko neurrien multzoa.
Gerra osteko egunetan abian jarritako "berehalako neurriez" gain, Eusko Jaurlaritzak orain "neurri osagarriak" gehitu ditu biztanleriaren sektore ahulenen beharrei erantzuteko. Isuri bost programak osatzen dute; horietako lau hilabete bukaeran hasiko dira garatzen.
Familia errefuxiatuentzako laguntzak
Isuri Funtsa osatzen duten 5 programen artean, 'Azken sarea indartzen Ukraina' dago, pertsona edo familia errefuxiatuei oinarrizko beharrak betetzeko laguntzak ematea aurreikusten duena. 2020an Covid Inor atzean utzi gabe funtsaren parte izan zen programa bera berraktibatuko da, arrisku larrian dauden 4.128 familiak bazterketa-egoeran egon ez daitezen. Ukrainako gerrak eragindako krisiaren testuinguruan, programa hau berriro aktibatu da 3 milioi euroko partidarekin, Euskadira iritsi diren eta euskal etxeetan dauden familia migratuei laguntzeko.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen eginkizuna funtsezkoa da ekimen horiek garatzeko. Horrela, Isuri Funtsak barne hartzen duen beste programa bat Loturak da, pertsona migratzaileak harrera komunitarioko tokiko sareekin harremanetan jarriko dituena. Partida estrategiko honetarako aurrekontua 500.000 eurokoa da, eta, aldi berean, 1,5 milioi euro aurreikusten dira lehen harrerako programarako.
Gizarte-erreskaterako funts osagarriaren esparruan, laguntza psikosozialerako programa bat ere eskainiko da, Berritze izenekoa, eta, bizikidetza errazte aldera, Euskal Herriko etxeetan hartutako Ukrainako pertsonak eta harrera-familiak artatuko ditu.
Azken horien artean sartzen dira Txernobilgo haurrak hartzen dituzten elkarteekin lotutakoak, Txernobilgo bazterketa-eremuaren ondoko eremuan Ukrainaren inbasio errusiarrak eragindako larritasun eta inkomunikazio egoera larrian bizi izan direnak.
Berritzek balorazio psikologikoa egingo du, eta gatazka belikoak eragindako antsietate eta estres postraumatikoari aurre egiteko terapia-lanketa egokiena planteatuko du, baita dolua egiteko prozesuan kaltetutakoei laguntzeko ere. Programa honetarako gordetako aurrekontua 500.000 eurokoa da.
Isuri funtsak, era berean, Aukerak Suspertzen zabaltzea aurreikusten du. Eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntzarako programa komunitarioa da, eten digitala ezabatzea eta desabantaila-egoeran dauden haur, nerabe eta familien gaitasunak indartzea helburu duena, tokiko komunitate-sarea aktibatuz. Ukrainatik heldu diren adingabeak sartu eta haien integrazio akademikoa errazte aldera, Aukerak Suspertzen programak 300.000 euroko aurrekontua handitu du.
Ukrainako errefuxiatuak hartzeko prestatutako neurrien multzoa osatzeko, Eusko Jaurlaritza dagoeneko garatzen ari den eta aurrerago aktibatuko den adingabeentzako aisialdi hezitzaileko programa bat egingo da.
Kolektibo zaurgarriak
Hilaren amaieran, lehenengo lau programak aktibatzen direnean, ezarritako bideen eta laguntzak eta programak eskuratzeko egin beharreko izapideen berri ere emango da. Talde zaurgarriak, Ukrainatik etorritako pertsonak eta familiak hartzeko programez gain, Eusko Jaurlaritzak prestatutako erreskate sozialeko funtsak laguntza osagarriak ere baditu egoera zaurgarrian dauden euskal kolektiboei laguntzeko.
Hala, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) 3,5 milioi euro gehitu dira Ukrainaren inbasioak euskal etxeetan dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko.
Era berean, 'Azken sarea indartzen' programa 3 milioi eurorekin indartuko da, beste diru-iturririk ez dutenen eta bestelako laguntzarik jaso ezin dutenen oinarrizko beharrei erantzuteko.
Bestalde, Gurutze Gorriaren bidez antolatutako energia-pobreziaren aurkako programak 200.000 euro gehitu ditu hasierako aurrekontuan, milioi bat eurora iritsi arte, eta arlo horretako laguntza ekonomikoak osatu ditu.
Era berean, Gobernuak aktibatutako neurri osagarrien sortak 600.000 euroko partida bat du etxerik gabeko pertsonak integratzeko; aldi berean, Trapezistak programak 1,5 milioi euro gehiago ditu, familiaren laguntza-sarerik ez duten gazteei laguntzeko.
Azkenik, 500.000 euro gehiago egoera ahulenean dauden adineko pertsonei laguntzeko tokiko sareak indartzeko erabiliko dira.