Ekonomia -
EUSTAT-EN DATUAK
EAEk inoizko bigarren esportazio daturik onena lortu zuen otsailean
Inportazioen kasuan ere, otsailekoa bigarren zifrarik onena da 2021eko azarokoaren ondotik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan ondasunen esportazioa historiako bigarren handiena izan zen iragan otsailean, 2.530,9 milioi euro, Eustat Euskal Estatistika Erakundean gaur argitaratutako datuen arabera. Markarik onena 2021eko azaroan lortu zuen, 2.600,4 milioi eurorekin.
Iazko otsaileko datuekin alderatuta, EAEko ondasunen esportazioak % 27,1 hazi ziren. Esportazio ez energetikoak % 24,6 igo ziren eta energetikoak, ostera, % 104,7.
Inportazioen kasuan ere, otsailekoa bigarren zifrarik onena da (2.161,7 milioi euro) 2021eko azarokoaren ondotik (2.163,8 milioi euro). Inportazioak % 50,8 hazi ziren, besteak beste, produktu energetikoen (% 72,7) eta ez energetikoen (% 45,5) igoeraren ondorioz.
2022ko otsailean EAEren merkataritza saldo positiboa izan zen: 369,3 milioi euro.