Ekonomia -
Lan erregulazioko espedientea
Michelinek EAEko 2.200 langileri eragingo dien espedientea iragarri du
Langileen kontratuak etengo dituzte, 36 egunez asko jota. Guztira, enpresak proposatutako erregulazio espedienteak Espainia osoko 4.863 langileri eragingo lieke.
Erredakzioa
Michelineko zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espediente tenporala proposatu die sindikatuei. Espediente horrek Espainiako fabriketan lan egiten duten 4.863 langileri eragingo lieke eta salmenten beherakadari aurre egiteko neurria izango litzateke, enpresak argudiatu duenez.
Marcial Moreta (CC. OO.) Gasteizko fabrikako enpresa batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, Gasteizen lan egiten duten 3.200 langileetako 1.700i eragin diezaioke erregulazio espedienteak.
Moretaren arabera, kontratuak etengo dizkiete, 36 egunez asko jota, espedienteak eragiten dien langileei. Maiatzaren amaieratik irailaren 30a bitartean egingo da erregulazioa.
Lasarte-Oriako lantegiari ere eragingo lioke erregulazio espedienteak, izan ere, 600 langileetako 500 daude neurria pairatzeko arriskuan.
Michelinen zuzendaritza eta sindikatuak datorren asteartean elkartuko dira negoziatzen jarraitzeko.