Ekonomia -
Turismoaren inguruko ikerketa
Jaurlaritza, Santander-Madril AHTren konexioa Bilbotik egitearen alde
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak abiadura handiko trenaren bidearen % 80 gauzatzen ari dela ekarri du gogora.
Erredakzioa
Madril eta Santander arteko abiadura handiko trenaren bidea Bilbotik egitea defendatu du Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak, eta era horretan, bi erkidegoek, EAEk eta Kantabriak, onurak lortuko lituzketela uste du.
Euskal turismoan AHTk izango lukeen eragina aztertu duen ikerketa baten aurkezpenean egon da Gasco eta Kantabriak, abiadura handiko trenak Euskadin lortuko lukeen bultzadari etekina atera ahal izango diola adierazi du.
Ikerketaren arabera, AHTrekin hiru euskal hiriburuetan pasatzen diren gauen kopurua, batez beste % 9 haziko lirateke.
Bestetik, Garraio sailburuordeak abiadura handiko trenaren bidearen % 80 gauzatzen ari dela ekarri du gogora, eta ondorioz, 2016an martxan egon daitekeela esan du. Gascok adierazi du Santander-Madril konexioa Bilbotik egitea defendatu duela beti Jaurlaritzak, "zentzuzkoa" delako: "Ez du logikarik Santander-Palentzian inbertsioak egitea, askoz garestiagoa da eta gainera bidaiari kopurua txikiagoa izango da".
Azken aukera hori Kantabriarentzat kaltegarria izango litzatekeela uste du, izan ere, Santander-Bilbao-Madril bidairen iraupena, soilik, Santander-Palentzia-Madrilena baina bost minutu gehiago dela azaldu du.
"Zentzuzkoak diren gauzak defendatu behar da. Kapritxo politikoengatik erokeriak egin nahi badira, azalpenak eman beharko dira", gaineratu du Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak.