Ekonomia -

Makina-erreminta

Makina-erreminta fabrikatzaileak, iazko fakturazioa errepikatu nahian

Makina-erremintaren sektorea burua altxatzen hasi da. 2011tik, % 8 egin du gora eskari kopuruak, esportazioei esker bereziki, eta, lehen aldiz, Txina da egun merkatu nagusia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina-erreminten fabrikatzaileek gogor abiatu dute 2012a, ekitaldi honen lehen hiru hilabeteetan eskarien kopuruak % 8,2 gorakada izan baitu. Horrela, bada, aurten iaz izan zuten fakturazioa (1.250 milioi eurotik gorakoa) errepikatzea aurreikusi dute.

AFM Advanced Manufacturing Technologies (makina-erreminten fabrikatzaileak eta osagarrien, osagaien eta erreminten fabrikatzaileak batuta sortutako elkartea) taldeko presidenteak (Jose Ignacio Torrecilla) eta zuzendariak (Xavier Ortueta) prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, 2011ko emaitzak aurkeztu eta 2012rako aurreikuspenen berri emateko.

Horien arabera, ekitaldi hau aurreikusitakoa baino hobeto doa; izan ere, eskari kopuruak % 8,2ko gorakada izan du lehen hiruhilekoan, 2011ko epe berarekin alderatuz gero, eta % 22koa, aurreko hiruhilekoarekin eginez gero. Torrecillaren esanetan, gorakada hori atzerriko merkatuek eragin dute, espainiar sektorea horietan “lehiakorra” baita.

Horren harian, AFMko presidentea “kezkatuta” agertu da I+G eta formazioa bultzatzeko politika publikoetan egin ditzaketen balizko murrizketen aurrean, horiek izan gabe “oso zaila” izango bailitzateke Txinan, Indian eta AEBetan saltzeko enpresak lehiakor egiten dituzten barne egiturei eustea.

“Non murriztu behar den esaten ez gara hasiko, baina gai horrek asko kezkatzen gaitu”, esan du Torrecillak. Horren ustez, Espainia krisialditik ateratzeko, “industria jarduera” sortu eta Barne Produktu Gordinari egiten dioten ekarpena handitu behar da, eta hori lortzeko enpresa “hornituagoak” behar dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea