Ekonomia -
Euskadi
EAEko industriaren jarduera % 7,9 hazi da lehen hiruhilekoan
Urtarriletik martxora Industria Produkzioaren Indizearen hazkundea handiagoa izan zen Bizkaian (% 9,3) Gipuzkoan (% 7,8) eta Araban (% 5,9) baino.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren jarduera % 7,9 hazi zen aurtengo lehen hiruhilekoan 2021eko aldi beraren aldean, martxoan % 4,6ko igoera gertatu ondoren.
Urtarriletik martxora Industria Produkzioaren Indizearen hazkundea handiagoa izan zen Bizkaian (% 9,3) Gipuzkoan (% 7,8) eta Araban (% 5,9) baino.
Ekipo-ondasunak, non ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialaren eraikuntza eta aeronautika edo ontzigintza daude, industria-jarduera sustatu zuten, % 15eko hazkundearekin.
Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren jarduera ere nabarmen hazi zen, % 11,1; talde horretan daude elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea.
Energiak beste igoera handi bat izan zuen, % 12,8koa; bitarteko ondasunena (metalurgia, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa) % 2,3koa izan zen, eta kontsumo-ondasun iraunkorrena (altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzea, besteak beste) % 0,3koa.