Ekonomia -
lan eskaintza publikoa
Eusko Jaurlaritzak 1.000 lanpostu gehiago deituko ditu irakasleentzat, 5.365 guztira
Hezkuntza Sailak irakaslegoari zuzendutako lanpostuak areagotzea erabaki du, aste honetan hezkuntzaren arlo profesionalean, guztira, 6.350 lanpostu deitzeko asmoa iragarri eta gero.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurtengo lan eskaintza publikoetarako proposamena "zehaztu" du, eta irakasleei zuzendutako lanpostuak areagotzea erabaki du, 1.008 gehiago; 5.365 izango direlarik, guztira.
Hala jakinarazi diete ostiral honetan Jokin Bildarratzen Saileko arduradunek sindikatuei, irakaskuntzako pertsonal funtzionarioaren Mahai Sektorialaren bileran. Astelehenean egindakoaren ondoren, bigarrena izan da aste honetan.
Duela lau egun izandako hitzorduan, aurten 6.350 lanpostu deitzeko asmoa iragarri zuen Hezkuntza Sailak. Zifra hori bere horretan mantendu da ostiraleko bileraren ostean.
Aurtengo birjarpen tasari zegozkion 1.008 lanpostu esleitu gabe ageri ziren aurreko proposamenean, eta horrek baimendu du aldaketa. Irakaslegoa osatzen duten kategoria desberdinen artean banatu dituzte orain horiek, Hezkuntza Sailetik azaldu dutenez.
Hala, profesional horientzako prest zeuden 4.357 lanpostuak 5.365 izatera igaro dira, ondorengo banaketarekin: 2.044 maisu-maistrentzat, 2.777 Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta 262 Lanbide Heziketakoentzat. Gainera, 181 lanpostu izango dira sektore berezietako adituentzat, 44 hizkuntza eskoletakoentzat, 26 musika eta arte eszeniko irakasleentzat, eta 31 arte plastiko eta diseinu irakasleentzat.
Lanpostu horietako gehienak, 3.407, aldi baterako pertsonala bermatzeko izango dira. Hain zuzen, 2.697 merezimendu-lehiaketa modalitatean, eta 710 oposizio lehiaketa ez kanporatzaile baten bidez. Gainerako 1.812 postuak ohiko oposizio baten bidez erabakiko dituzte.
Gainera, Hezkuntza Sailak beste 985 lanpostu deitzeko asmoa dauka lan-pertsonalarentzat (heziketa berezia eta sukalde eta garbiketa), hortaz, 6.350 lan eskaintza publiko izango dira aurten arlo horretan. Ostiral honetako bileran ez da bi kategoria horietara esleitutako lanpostu kopurua aldatu.
Banaketa berriak ez du ELA asebete, izan ere, uste du egonkortzerako gordetako lanpostu kopuruak "kontsolidaziotik kanpo uzten dituela aldi baterako 13.000 irakasleen ia bi heren". Hori dela eta, adierazi du sindikatuak, "ez dira beteko Europak behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko igorritako irizpideak" eta, horretarako, "gutxienez" 10.000 lanpostuko lan eskaintza publikoa eskatu du.