Ekonomia -
Aurrekontuaren doikuntza
Nafarroako Gobernuak 'osasun zentimoa' ezarriko du
Foru Gobernuak aurrekontuak 54 milioi eurotan doitzea adostu du eta horretarako hainbat neurri ezarriko ditu, besteak beste, funtzionarioei lanaldia 37,5 ordura luzatzea erabaki du.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, UPNk eta PSNk, aurrekontuen desoreka berdintzeko akordioa sinatu dute ostiral honetan. Akordio horretan, ekonomia pizteko eta enplegua sortzeko hainbat neurri bultzatzeko 33,5 milioi euroko inbertsioa adosteaz gain, zerga berriak ezartzea jasotzen da, horien artean, 'osasun zentimoa' kobratzea.
Gastua eta aurrekontuen 54 milioi eurotako desoreka zuzentzeko, Nafarroako Gobernuak zerga berriak jarriko ditu indarrean.
Diru-sarrerak areagotzeko neurriak
Hala, diru-sarrerak areagotzeko hartutako neurrien artean 'osasun zentimoa' ezartzea jasotzen da, gasoleo litroa 2,4 zentimo gehiago ordaindu beharko da eta neurri honekin 8 milioi euro lortzea aurreikusten dute. Horrez gain, Tabakoaren Lanen Gainerako Zerga (2 milioi euro), Sozietateen Errenten Gaineko Zergaren aldaketa (3 milioi euro), iruzur fiskalaren kontrako borroka indartu (14 milioi euro) eta onura fiskalen berrikusketa egingo dute (25 eta 40 milioi).
Bestalde, zerga amnistia ezartzea baztertu dute.
Gastua murrizteko neurriak
Langile gastutan aurrezteko neurriak ezarriko dira (25 milioi), funtzionarioei asteko lanaldia 37,5 ordura luzatuko diete eta Rajoyren Gobernuak adostutako neurriak (nahitaez bete beharrekoak) martxan jarriko dituzte (15 milioi).
Erabaki horiekin batera, Nafarroako Gobernuak hezkuntzan ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua mantentzeko konpromisoa hartu du, eta osasunean, berriz, 2012ko apirilaren 30a baino lehen Nafarroan erroldatuta zeuden etorkin guztiei bermatuko zaie osasun arreta.