Ekonomia -
Manifestazioak
Sindikatu abertzaleek protesta gehiago deitu dituzte murrizketen aurka
Hilaren 20rako eta 26rako manifestazioak deitu dituzte Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean, lan eta gizarte eskubideen defentsa aldarrikatzeko.
Erredakzioa
ELAk eta LABek, beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin batera, murrizketen kontrako mobilizazio berriak iragarri dituzte hilaren 20rako eta 26rako, EAEn eta Nafarroan.
Herritarrei lan eta gizarte baldintzen defentsan mobilizatzeko dei egin diete, hala, Maiatzaren 20rako (igandea) manifestazioa deitu dute Bilbon eta Gasteizen eta 26rako (ostirala) Donostian eta Iruñean.
Amaia Muñoa ELAko ordezkariak Bilbon emandako prentsaurreko batean adierazi duenez, "mobilizaziorako premia dago" langileak "eraso bortitza" jasaten ari direla argudiatuta. "Ez dugu Greziarantz joan nahi" adierazi du Muñoak, "etorkizun duin baterantz baizik", erantsi du.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak mobilizazioekin jarraitzeko beharra azpimarratu du politika ekonomikoetan aldaketa lortu ahal izateko.
EAEko eta Nafarroako erakundeei Espainiako Gobernuak adostutako murrizketarik ez ezartzeko eskatu diete. Halaber, murrizketak ez direla "Rajoyren Gobernuarekin" hasi salatu dute, eta azken hiru urteetan, bai Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak, doitze asko ezarri dituztela azpimarratu dute.