Ekonomia -

Krisia Bankian

De Guindos: 'Oraindik ez dugu erantzukizunik identifikatu'

Ekonomia ministroaren ustez, ''denborarekin'' argitzen dira erantzukizunak, eta Gobernua ''ez da nor'' irregulartasunik dagoen erabakitzeko.

Luis de Guindos. EFE
Luis de Guindos. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bankiaren egoeran Gobernuak ''oraindik'' erantzukizunik identifikatu ez duela esan du Luis de Guindos Ekonomia ministroak ostiral honetan. Haren ustez, ''denborarekin'' argitzen diren kontuak dira, baina ''krisi ekonomikoak erakunde asko aurretik eramango ditu''. Gobernuak ''arretaz'' aztertuko ditu egindako okerrak.

Ministro Kontseiluaren ondoren egin duen agerraldian, De Guindosi hiru aldiz galdetu diote Bankian gertatutakoaren erantzukizunen inguruan.

''Erantzukizunen gaia beti dago hor. Aukerak daude, gardentasun eta kontrol mekanismoekin lotuta'', esan du hasieran. Erantzukizun horiek ''datozen asteotan'' argitu beharko dituztela azaldu du ondoren. Edonola ere, ''Gobernua ez da nor momentu honetan irregulartasunik egon den erabakitzeko. Gaur gaurkoz, guk ez dugu erantzukizunik identifikatu'', esan du De Guindosen hitzetan.

Espainiako Bankuaren aldeko defentsa

Gaiaren inguruko bigarren galdera iritsi da ondoren. Porrot egin duten erakundeen kudeatzaileei, erakunde horiei babesa eskaini dieten herrialdeetako gobernuei edo Espainiako Bankuari berari erantzukizunik eskatuko ote dieten galdetuta, hasieran behintzat, Gobernuak otsailean erakundeetako buruen ordainsariei ezarritako mugari egin dio aipamen ministroak.

Jarraian, dena den, Espainiako Bankuaren aldeko defentsari ekin dio, erakundearen profesionaltasuna azpimarratuz. ''Galdutako izen ona'' berreskuratuko duela esan du ministroak jarraian, izen on hori galdu izana aurretik aitortu gabe.

Bankiaren krisiaren ingurukoak ez dira hor bukatu, hirugarrenez ere erantzun behar izan baitio gaiaren inguruko galdera bati. ''Ez al du inork inongo erantzukizunik gain hartuko?'', galdetu du kazetarietako batek. "Ikusten joan beharko dugu'', esan du orduan, eta erantzukizun horiek hainbat esparrutakoak izan daitezkeela azaldu du. Krisi ekonomikoak erakunde asko aurretik eramango ditu, eta oso garrantzitsua da egindako akatsak zeintzuk izan diren identifikatzea, berriz ez errepikatzeko. Gobernuak arretaz aztertuko du'', esan du De Guindosek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea