Ekonomia -

gipuzkoa

ELAk "onartezintzat" jo du adinekoen egoitzetako patronalen poposamena

Sindikatuak adierazi duenez, "negoziazio borondate errealik" egon ezean, ez du "fikziozko mahai negoziatzaile batean" parte hartuko. Hori dela eta, greba luzatuko du "orain arte mahaigaineratutako eduki guztiak jasoko dituen hitzarmena lortu arte".

Maiatzaren 19ko manifestazioa. Argazkia: @ELAsindikatua
Maiatzaren 19ko manifestazioa. Argazkia: @ELAsindikatua
Maiatzaren 19ko manifestazioa. Argazkia: @ELAsindikatua

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak "onartezintzat" jo du ostiral honetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako patronalek mahaigaineratutako proposamena, hitzarmenaren mahai negoziatzaileak egindako bileran.

Sindikatuak deitoratu duenez, ez da 2017-2021 urteen inguruko proposamenik aurkeztu, ezta datozen urteetarako KPIarekiko erreferentzia jorratu ere. Gainera, ez da "soldata igoerez haragoko edukirik" bildu.

"Aurreko bileran eskatu bezala, patronalek mahai negoziatzailea desblokeatzeko proposamena ekarri badute ere, ez dira argi gelditu negoziazio erreala lortzeko eta akordioren bat ixteko borondate eta konpromiso errealak", adierazi du ELAk. Sindikatuaren aburuz, ostiral honetan aurkeztutako proposamena "aurreko mahai negoziatzaileetan patronalek egindako gainerako proposamenak baino are okerragoa da".

ELAk "negoziazio erreala birraktibatzeko konpromisoa berresten duen" planteamendua egin du bileran, "mahaian aurretiaz egindako proposamenekin bat etorrita: aurreko urteak aintzat hartuko dituzten soldata igoerak, antzinatasun zenbatekoaren eta jai-egunetako plusen areagotzea, eguneko 20 minutuko atseden ordaindua, enpleguaren areagotzea, eta orotariko lanaldietan hobekuntzak, besteak beste".

Sindikatuak adierazi duenez, "negoziazio borondate errealik" egon ezean, ez du "fikziozko mahai negoziatzaile batean" parte hartuko. Hori dela eta, greba luzatuko du "orain arte mahaigaineratutako eduki guztiak jasoko dituen hitzarmena lortu arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Eusko Langileen Alkartasuna Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Egoitza geriatrikoak Sindikatuen azken ordukoa Lan gatazkak albisteak gaur