Ekonomia -
Enplegu publikoa
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzaren deialdi publikoak ez duela lanpostuak egonkortzeko legea beteko
ELA sindikatuaren ohartarazi duenez, lanpostuak egonkortzeko prozesuak amaitu ostean, behin-behinekotasun tasa % 40tik gora egongo da Osakidetzan eta Hezkuntzan, helburua zenbateko hori % 8ra jaistea denean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ELAk sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak iragarritako 8.764 plazako deialdi publikoak ez duela beteko lanpostuko publikoak egonkortzeko legeak dioena, ezta Europak emandako mandatua ere. Hala, ohartarazi du behin-behinekotasun tasa % 40tik gorakoa izango dela Osakidetzan eta Hezkuntzan.
Horrez gain, Iñigo Urkulluren Gobernuari eskatu dio "gardentasunez" jokatu dezala eta argitu dezala zenbat diren egonkortu ahal diren lanpostuak.
Igor Eizagirre, Miren Zubizarreta eta Esther Saavedra ELAko ordezkariek Donostian egindako agerraldian ziurtatu dute lanpostu publikoak egonkortzeko prozesuak amaitzen direnean behin-behinekotasunaren arazoak bere horretan jarraituko duela.
Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak eskainiko dituen 8.764 plazekin "behin-behinekotasun tasa % 12ra jaitsiko da Administrazio Orokorrean, baina Osakidetzan eta Hezkuntzan % 40tik mantenduko da zenbateko hori".
Beraz, "Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailburuak ziurtatu arren Administrazio Orokorrean 'eskaini ahal ziren postu guztiak' eskaini dituztela, argazki orokorrak kontrakoa erakusten du: Jaurlaritzak ez ditu Iceta Legeak eta Europako Justizia Auzitegiak ezarritako % 8 mugara iristeko adina lanpostu eskainiko. Hau da, ez ditu legeak ahalbidetzen dituen lanpostu guztiak aterako, horretara derrigortuta egon arren", berretsi dute.
ELAko arduradunek gogora ekarri dute "hiru urtez jarraian beteta egon diren lanpostuak" deialdi honetan eskaini behar direla. Alabaina, "Jaurlaritzak ez die sindikatuei adierazi nahi halako zenbat lanpostu dauden, behin eta berriro eskatu arren", salatu dute. Gauzak horrela, gardentasunez jokatzeko eskatu diote Gobernuari.
Horrez gain, nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak aterako dituen plazak eta behin-behinekotasunean dauden langileen kopuruak ez datozela bat.
"Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, Hezkuntzan 9.947 behin-behineko daude hiru urte baino gehiago jarraian lanean daramatzatenak, Osakidetzan 14.677 dira, eta Administrazio Orokorrean 3.300. Datu horiek iragarritako plaza kopuruekin erkatuz gero, begi bistakoa da ez direla ahal diren lanpostu guztiak kontsolidatuko", adierazi dute.