Ekonomia -

HAZKUNDE EKONOMIKOA

Euskadiko ekonomiak gora egin du zazpigarren hiruhilabetez jarraian

2022ko lehen hiruhilekoan % 1,0 hazi da eta 2021eko hiruhileko berarekin alderatuta, BPGren hazkuntza % 5,7koa izan da. Enplegua ere hazi egin da, 0,9 % aurreko hiruhilekotik eta % 5,0 iaztik.

Emakume batzuk, denda baten atarian. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Emakume batzuk, denda baten atarian. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Emakume batzuk, denda baten atarian. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko barne-produktu gordina (BPG) % 1,0 igo da 2022ko lehen hiruhilekoan 2021eko azken hiruhilekoarekin alderatuta; hala, euskal ekonomiak zazpi hiruhileko daramatza hazten, Eustaten datuen arabera. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, urte arteko hazkuntza % 5,7koa izan da.

Enplegua, denbora osoaren baliokide diren lanpostuen terminoetan neurtuta, bestalde, % 0,9 igo da lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; alegia, % 5,0ko igoera izan du, 2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Estimazio horiek haiek prestatzean eskuragarri egon den informazio ekonomiko guztia hartzen dute kontuan, eta Eustaten 2022ko apirilaren 25eko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean adierazitako hazkuntzak egiaztatzen dituzte.

Lurralde Historikoetako BPGren bilakaerari dagokionez, 2022ko lehen hiruhilekoan, Arabak urte arteko % 5,5eko hazkuntza izan du; Gipuzkoak, % 5,6koa, eta Bizkaiak, % 5,7koa. 2021eko azken hiruhilekoarekin alderatuta, Arabako BPG izan da portaera onena izan duena, % 1,2 egin baitu gora; Bizkaian, % 1,1 egin du gora eta Gipuzkoan, % 0,9.

EAEko BPGren % 5,7ko hazkuntza –urte arteko terminoetan– Europar Batasunerako, Eurogunerako eta AEBrako zenbatetsitakoaren (% 5,2, % 5,1 eta % 3,5, hurrenez hurren) gainetik dago. Espainiako ekonomiaren kasuan, bestalde, hazkuntza-estimazioa handiagoa da urte arteko konparatiban (% 6,4), baina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hazkuntza-erritmoa moderatuagoa da (% 0,3).

Eskaintzaren ikuspegitik, urte arteko terminoetan eta 2022ko lehen hiruhilekoan. sektore guztiek izan dituzte hazkuntza positiboak, lehen sektoreak izan ezik.

Izan ere, lehen sektorean balio erantsiaren uzkurdura % 1,8koa izan da, termino errealetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, 2021eko azken hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 15,0 handiagoa izanik ere.

Industriaren sektorea bizkortu egin da urteko lehen hiruhilekoan, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen arteko terminoetan. Sektoreko jarduera aurreko urteko lehen hiruhilekokoa baino % 6,5 handiagoa izan da eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, % 3,5 egin du gora.

Eraikuntzaren sektoreak ere aurreko hiruhilekoan baino hazkuntza handiagoa izan du. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, jarduerak % 1,9 egin du gora, eta jardueraren hazkuntza, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 2,5ekoa izan da.

Bestalde, Zerbitzuen sektorearen jarduera globala, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, % 6,0 igo dela zenbatesten da. Urte arteko hazkuntza hori, neurri handi batean, 2021eko lehen hiruhilekoan itxita egon ziren edo jarduera mugatuta izan zuten eta, hiruhileko honetan, jarduera-mailari berriro heldu ahal izan dioten pertsonentzako zerbitzuetan –aisia-jarduerei eta turismo-sektoreari lotutakoak– oinarritzen da. Urteko lehen hiruhilekoak, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,1eko igoera ekarri du.

Hala, Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak balio erantsiaren % 11,0ko igoera izan du aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean, eta % 1,2 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean. Jarduera horietatik, ostalaritza (bai ostatu-zerbitzuak bai jatetxe-zerbitzuak) izan da portaera onena izan duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Eustaten datuak BPGd Espainia